miércoles, 6 de abril de 2016

Ondorengo elkarrizketa Maria Hernandez eta Miriam Arrillagak burutu zutena da. Usurbilgo emakume idazle ospetsuri egin zien elkarrizketa, Yolanda Arrietari, hain zuzen ere.



YOLANDA ARRIETA

“Idazteak duen gauzarik politenetako bat bizitza biderkatu egiten dela da”

Pertsona ospetsu bati elkarrizketa bat egitea egokitu zitzaigunez, Yolanda Arrietari egitea erabaki genuen. Idazle Usurbildar bat da Yolanda, nahiko ospetsua egin dena batez ere haur literaturarekin. Idazleen bizitza interesgarria izan daitekeela pentsatu genuen, eta zuzen geundela konturatu ginen, espero ez genituen erantzun asko eman baitzizkigun Yolandak. Berarekin hitzordua jarri, eta arratsalde polit bat pasa genuen elkarrekin.

Resultado de imagen de yolanda arrieta



  1. Txikia zinenean burutik pasa al zitzaizun handitan idazle izatea?
Baita zera ere! Ezta burutik pasa ere! Gainera, txikiak ginenean ez zen eskoletara idazlerik etortzen. Nik erdaraz ikasten nuen, baina idazlanak erraz egiten nituen eta eskola publikoa deitzen da orain baina orduan eskola nazionala zen. Ni gogoratzen naiz orria azkar betetzen nuela baina orduan baloratzen zen bakarra akatsik ez egitea zen; b, v, h eta horrelakoak. Egia esan, ez nuen gogorik handitan idazle izateko.

  1. Magisteritza ikasi ondoren, zerk eraman zintuen literatura munduan sartzera?
Ordurako egiten nituen literatur lanak. 18-19 urterekin hasi nintzen idazten. Orain EGA da baina orduan D titulua ateratzen genuen. Orduan COU deitzen zena egin nuen, euskaraz, eta horretarako euskaraz alfabetatu eta ikastaro bat egin behar izan nuen, EGA bezalakoa baina D zen orduan. Historia eta literatura ere sartzen ziren eta idazlanak egin beharrean gauza desberdinak egiten hasi nintzen. Orduan hasi nintzen lehiaketetara aurkezten. Gero, irakasle eskolan sartu nintzenean, dena euskaraz egiten genuen. Antzerkia ere banuen aukera moduan eta irakasle bat neukan euskal literatura ematen ziguna, hark ariketa politak eta desberdinak erakusten zizkigun eta han egin nuen lehenengo nobelatxoa. Irakasleak nobela bat egiteko agindu zigun eta denak purrustaka hasi ziren, baina nik segituan egin nuen. Ez zegoen internetik orduan, eta mundu guztia beste liburu batetik kopiatzen eta izenak aldatzen aritzen zen. Nik ordea, nire erara egin nuen eta esan nuen: “Aiba! Hau gustatzen zait!”. Bestalde, erdal literatura ematen zigun beste irakasle bat neukan eta hark irakurtzera bultzatu gintuen. Gero bere bulegoan liburuak komentatzen genituen,  eta beno, horrela hasi nintzen idazten gutxi gorabehera.

  1. Nola sentitu zinen “Jostorratza eta haria” eleberria hain ospetsu egitean?
Beno, hain ospetsu hain ospetsu ez, saria irabazi zuen. Ospetsuarenari kendu egin behar zaio pixka bat distira. Momentu batean egiten duzu eta gero saria irabazten duzu, bai oso pozik. Ze nik hori gainera idatzi nuen Hairataz haurdun nengoela. Nire aita oso gaixorik zegoen eta banekien hil egingo zela, zeren jada ez zuen erremediorik. Azkenean, Haira jaio eta hilabete eta erdira hil zen, eta orduan idatzi nuen “Jostorratza eta haria”. Eleberri honen esanahia dena lotzea edo jostea zen. Liburu hau Hairaren lehenengo urtean idatzi nuen. Beka txiki bat eman zidaten, ez zen diru asko baina idazteko adina izan zen. Bestalde, saritua izateak sekulako poza eman zidan, gauza asko gertatu baitziren; Hairaren jaiotza, aitaren heriotza, urte hartan idazten joatea apurka-apurka,...  eta orduan, poza izan zen liburua argitaratzea. Gainera liburuak atzetik nire ibilbide pertsonala zeukan, bizitzarekiko neukan lotura hori, horregatik oso pozik geratu nintzen.

  1. Irabazi dituzun sari guztietatik, zein izan da zuretzat garrantzitsuena? Zergatik?
Batzuek esaten dute sari garrantzitsuena oraindik irabazteko dagoena dela, eta arrazoia dutela uste dut. Baina niretzat sari guztiak dira onak, nik ez dut bat bera ere baztertzen; izan ere, gauzak egitea kosta egiten da normalean. Sariak opari moduan hartzen ditut nik, nahiz eta horrek ez dizun bizimodua konpontzen. Bestalde, ez da erraza sariak irabaztea, asko ikasi arren eta lan asko egin arren, beti baitago orria zuri. Gainera, zenbat eta urte gehiago eduki eta liburu gehiago atera, ardura ere handiagoa da, gauza berri bat egin behar baituzu eta ezin baita ezer errepikatu, zeren jendea beti egon ohi da begira ea nola dagoen liburua. Ibilbidea gogorra da, eta ez nizuke esango zer sari den sari onena, sariak beti datoz ondo eta. Karameluak bezala dira sariak, eta baita arnasa ere. Baina idazleok ez dugu idazten sariak irabazteko, barneko behar bat daukagulako baizik. Batzuetan bidea ez da erraza, eta sariak laguntza bat dira, bultzada bat. Hala ere, ezin zara gehiegi lokartu, gero beste bat egin behar duzu eta.

  1. Zer sentitzen duzue idazleok esfortzu handia egin ondoren lan bat amaitzean eta primeran geratu dela ohartzean? Eta ez dela espero bezain ondo geratu konturatzean, zer sentitzen duzu?
Inoiz ez da edukitzen primeran geratu den sentsaziorik. Halako batean, “bueno listo, amaitu dut”, esaten duzu. Liburua argitaratzean bakea sentitzen duzu, etxera iristen da eta orduan amaitzen da prozesua. Hor amaitzen da norberaren bidea, ondoren irakurleena baitator. Poza sentitzen da orduan, noski, etapa hori itxi baita. Hala ere, ez da ahaztu behar gero beste bat egin behar dela. Laburbilduz, bi sentimendu nahasten dira liburu bat egiterakoan. Lehenik, bake santua sentitzen duzu, nahiz eta inoiz ez den jakiten ondo dagoen ala ez. Eta gero beste bat egitearen bidea dago, eta geroz eta hobeto ateratzen dira liburuak denborarekin. Niri pertsonalki bide hori gustatzen zait, sormenaren lanketa etengabea baita.

  1. Zer iritzi duzu ipuin sortzaile gehienak gizonezkoak izatearen inguruan?
Egia esateko, gaur egun emakume asko gaude literatura munduan, eta lan eder eta potenteak egiten ditugu gainera. Nahiz eta agian oraindik gizonezkoen kopurua handiagoa izan, emakumeak indartsu ari gara gure lanak zabaltzen. Gizon eta emakumeekin gertatzen dena da nerabezaroan neskei berehala nabarmentzen zaizkiela ikasketetarako dohainak, baina urte batzuk pasa ahala, unibertsitatean hastean esaterako, mutilak hasten direla gaitasun horiek erakusten. Horrek jarraitu egiten du gero gainera, mutilak neskak bezain trebeak izatera iristen diren arte. Hala ere, emakume idazle pila bat daude gaur egun lan paregabeak egiten, eta lan ezberdinak egitea lortzen dute gainera, originaltasuna bilatuz.

  1. Zer sentitzen duzu haur bat zure liburua irakurtzen ikustean?
Batzuetan lotsa sentitzen dut egia esan, baina polita dela uste dut. Izan ere, zuk zure etxean edo liburutegiren egindako lan bat gero bat-batean liburu bihurtu dela eta ehundaka lagunek konpartitu dutela ikustea ederra da. Esan beharra dut, bestalde, nik haur eta gazte asko ezagutu ditudala nik egindako lanei esker. Orokorrean oso polita da jendea zure liburu bat irakurtzen ikustea, beraien ikuspegia entzuten baituzu eta horrek zure jakinduria hobetzen laguntzen dizu. Nolabait esatearren, idazteak duen gauzarik politenetako bat bizitza biderkatu egiten dela da.

  1. Ipuin kontalariarena egiteak oso ederra izan behar du, batez ere haurren miresmen aurpegiak ikusteak dakarren poztasunagatik. Zu pertsonalki nola sentitzen zara halako momentuetan?
Ni oso gustura egoten naiz umeekin. Askotan entrenamendu moduan egiten dut ipuin kontalariarena, umeekin asko ikasten baitut. Izan ere, umeak benetakoak dira, aspertzen badira alde egiten dute segituan edota honakoa esaten dizute: “beste bat ez, nahikoa…”. Haurrek tenperatura oso ondo neurtzen dutela uste dut, eta beraiekin beti jakiten da kontatzen ari zaren ipuina entretenigarria izaten ari den ala ez. Bestalde, haurrak gustura daudenean polita izan ohi da momentu horretan sortzen ari garen mundu fantastiko hori.

  1. Gaur egungo gazte gehienek ez dute irakurtzea gehiegi gustuko, emango al zenieke aholkuren bat irakurketa munduan sartzeko gogoa izan dezaten?
Nik uste dut irakurketa mundurik ez dagoela. Alde batetik liburuak daude eta bestetik pertsonak, eta irakurtzeko tarte edo momentuak hartu behar dira azkenik. Gaur egun ez da erraza irakurtzeko tarteak aurkitzea, estimulu bizkor asko dituzue eta. Irakurketa beste mundu batzuetara, beste pertsona batzuengana, edota beste pentsamendu batzuetara bidaiatzeko ihesbide bat da, eta zuek beste era batera egin ohi duzue ihes teknologia berriak erabiliz. Ihesbide horiek oso bizkorrak dira, eta horregatik dute arrakasta handiagoa gaur egun, zeren, irakurtzeak geldirik egotea eskatzen du. Baina irakurketak duen abantaila librea dela da, liburu bat hartu eta bertan gertatzen dena zure erara imajina dezakezu, inork ez baitizu irudia egiten, eta alde horretatik probatzeko modukoa dela iruditzen zait.
Halaber, hizkuntza idatziak pentsamendua garatzen eta hausnartzen laguntzen du, eta baita norberaren burua hobeto ezagutzen ere, besteak ezagutu ahala norberarena ondo ezagutzen baitzoaz.
Hau guztia esanda ere, liburuak irakurtzea ez da bat-batean atsegin duzun zerbait. Nire ustez irakurtzea igerian egitea bezala da, praktikatuz ikasten da eta ez apunte batzuekin. Poliki-poliki gustua hartzen zaio irakurtzeari, baina horrek denbora eskatzen du. Esan beharra dut, azkenean denbora-pasarik libreena bihurtzen dela irakurtzea. Seguru nago behin baino gehiagotan ikusi duzula pertsona bat liburu batean murgildurik eta sekulako inbidia eman dizula momentu horretan, zu izatea nahiko zenukeelako liburu hori irakurtzen ari dena. Labur esanda, liburuek fantasia mundu batera eramaten zaituzte, eta ihesbide paregabeak dira.

  1. Gaur egun, geroz eta teknologia aurreratuagoa dugula kontuan izanik, uste duzu teknologiak etorkizunean literatura munduan ere eragina izango duela ? Jada e-bookak badaude, baina benetako liburuak desagertu egingo direla uste al duzu denborarekin?
Ez dut uste desagertu direnik. Nire iritziz, batzuek liburua irakurriko dute eta beste batzuek e-booka. Norberak gustukoen duena irakurriko duela uste dut, eta agian batzuek kalean e-booka irakurriko dute eta etxean liburua edo alderantziz. Liburuek badute alde on nabarmen bat: posible da jada irakurrita duzun orrialde batera itzultzea eta papertxoak itsatsi edota esaldiak idatzi daitezke bertan. Hala ere, e-booka oso praktikoa da liburu mordoa sar daitezkeelako barruan eta edozein leku eta momentutan irakurri. Laburbilduz, zuen esku dago azkenean etorkizunean erabiliko den irakurketa modua, baina nik denetarik egongo dela uste dut, jende asko baitago liburuak nahiago dituena.


  1. Zuk zer nahiago duzu irakurtzeko garaian, liburua ala e-booka?

Nik nahiago dut liburua. Nire liburuak ikusiz gero, dena markatuta daudela ohartuko zinatekete. Papertxoak sartzen ditut orrietan eta horrela hurrengoan berriro irakurri ditzazket orri horiek denbora dudanean. Noizbehinka e-booka ere irakurtzen dut, oso erosoa delako, baina nahiago izaten dut liburu bat eduki eskuartean.

  1. Ipuin bat idazten hasterakoan, zerotik abiatzen zara ala gertaeraren bat gogoan duzula idazten duzu?
Inoiz ez gara abiatzen zerotik, beti baitugu gertaera edo oroitzapenen bat buruan. Nik, egia esateko, ez daukat metodo berezirik. Momentu honetan, adibidez, gauza berri bat egiten hasi naiz; aspaldiko gauzak hartu eta gaur egungoekin nahastu ditut eta pazientziarekin lortuko dut buruan dudana paperera pasatzea. Kontutan eduki behar da idazleok inoiz ez garela zerotik hasten, izan ere, nahiz eta orria hasieran zuri egon gu beti gaude beteta. Sentitzen eta ikusten dugun neurrian, beti daukagu informazio edo susmoren bat gure barnean.

  1. Eta, zeuk idatzitako liburua argitaratzean, irakurtzen al duzu?
Ez, ezta pentsatu ere! Egia da liburua inprentara bidali baino lehen batzuetan bizpahiru aldiz irakurtzen dudala akatsak zuzentzeko, baina azkenean nazkatuta bukatzen dut eta behin liburua argitaratzean ez dut inoiz berriro irakurtzen. Barregarria bada ere, askotan liburuari esan ohi diot: “nik jada amaitu dut zurekin, orain segi zure bidea egiten”.

  1. Istorio txiki bat idatzi behar dugu ikastolan, zer aholku emango zeniguke?
Idazten hastea, ez dago besterik. Onena ideia perfektuaren bila ez ibiltzea da. Ipuin motzak egin nahi badituzue, interneten “mikroipuinak” zer diren begiratu dezakezue. Bost bat orri idatzi behar badituzue, ordea, egunero idaztea komeni da. Egunero edukitzen dugu zerbait berezia buruan, eta hortik ipuin polit bat atera daiteke. Baina noski, irakurri, irakurtzeak izugarri laguntzen du eta. Askotan nahikoa da gustuko duzun liburu  bati pertsonaiak eta lekua aldatzea ipuin berri bat sortzeko. Sekula egin behar ez duzuena gora begira inspirazioaren zain egotea da; onena burura etorritakoa idaztea da, eta ondoren ezabatu beharrekoa ezabatzea. Behin idazten hasikoa haritik tiratzea besterik ez zaizue geratuko, eta ez pentsa horren zaila denik, denok baikara horretarako gai.
                
             

                                     Maria Hernandez eta Miriam Arrillaga

No hay comentarios:

Publicar un comentario