miércoles, 6 de abril de 2016

Lide Pagola eta Olatz Allur ikasleek Urtz taldeko abeslari eta gitarra joleari egin zien elkarrziketa.

URTZEKO TALDEKIDEEI ELKARRIZKETA
“Lehenengo gauza egin genuena, pankarta batean Urtzi jartzen hastea izan zen, edo ia, ez genuen ondo kalkulatu eta Urtz bakarrik sartu zitzaigun”

Urtz argazkia.jpg
Xabi Camarero eta Asier Arocena izan ziren gure elkarrizketaren protagonistak, Urtz taldearen abeslaria eta gitarra jolea. Asko gustatzen zaigu beraien musika eta horregatik aukeratu genituen pertsona famatu hauek elkarrizketa egiteko. Zorte handia izan genuen, ezagun batek musikari hauekin ikasi baitzuen txikitan eta bere bitartez lortu genuen kontaktuan jartzea. Oso jator erantzun zituzten gure galderak:
  1. Nola hasi zineten musikaren munduan murgiltzen?

Asier: Nik uste dut denak bezala, pentsatzen dut bederatzi hamar urterekin hasi ginela musika ezberdinak jasotzen, pasatzen zizkiguten diskak entzuten, entzule gisa horrela hasi ginen. Nire kasuan etxean gitarra bat zegoen eta horrekin sortu zitzaidan grina. Nire lehendabiziko lekzio teorikoak Xabik eman zizkidan ikastolan eta handik aurrera musika asko entzun eta gustoetan asko koinziditu genuen Xabi eta biok, diskoak pasatzerako garaian. Hamalau urte bete genituenean, larunbat goizetan kitarrak ikustera joaten ginen, probatzeko eskatu eta merkeenak uzten zizkiguten.

Xabi: Nire aldetik ere antzeko, etxean beti aita musikarekin ibili izan da, abesten eta, txikitatik etxean abesten genuen eta hortik datorkit. Gure etxean ere gitarra bat zegoen, eta niri ere atentzioa deitzen zidan zertxobait. Hamabi hamahiru urterekin hasi ginen diskak entzuten, Axierri pasatzen nizkion batzuk eta berak niri beste batzuk pasatzen zizkidan. Nahiko koinziditzen genuen estiloetan eta eskolan amesten egoten ginen.


  1. Urtz baina lehenagoko talderen batean parte hartu al zenuten?

Xabi: Ez, Urtz izan da gure lehenengo taldea.
Asier: Hasieran Xabi eta biok bakarrik hasi ginen amesten, talde baten izena pentsatzen eta eszenatokiak marrazten. Ondoren, taldea osatzeko bateria bat behintzat behar genuela pentsatzen genuen.

  1. Zerk bultzatu zintuzten Urtz taldea sortzera? Nondik sortu zen ideia hori?
Asier: Bien arteko elkarrizketa horietan sortu zen ideia. Eta horri buruz pentsatzen hasi ginen hamasei urte inguru genituenean. Bateria bat behar genuen, Xabik erosita zeukan gitarra elektriko bat dagoeneko eta ondoren nik erosi nuen elektrika bat, izan ere ordura arte klasikoarekin ibiltzen ginen. Gelan aurrean eserita zegoen Josu bateria, eta guk ez genuen beraregan pentsatu bateria bezela, ez zuen bateria jotzen, ez musikarik entzuten; guk ez genekien musika gustatzen zitzaionik ere eta galdetu genion ea bateria joleren bat ezagutzen zuen, eta esan zigun: “ni neu”. Gu pixka bat harrituta gelditu ginen, “esan du baina ikusi beharko da” pentsatzen genuen, baina azkenean bateria bat erosi zuen eta hala hasi zen gurekin.

  1. Zertan oinarritu zineten taldeari Urtz izena jartzeko?

Izan genituen beste izen batzuk aurretik, amestu ere egiten genuen, ametsetan etortzen ziren izen batzuk. Baina behin eskolan, lagun batek arbelean jarri zuen handiz: “urtzi zeruetako jauna” eta Axier eta biok begira gelditu ginen, gustatu egin zitzaigun urtzi izena eta gero jakin genuen euskal mitologiako izena zela. Gero, lokal bat lortu genuenean, zorte handia izan genuen, izan ere, ez da erraza lokal bat lortzea, lehenengo gauza egin genuena pankarta batean urtzi jartzen hastea izan zen, edo ia, ez genuen ondo kalkulatu eta urtz bakarrik sartu zitzaigun eta gustatu egin zitzaigun eta horrela utzi genuen.

  1. Zertan egiten duzue lan taldeaz gain?

Xabi: Ni dekorazio munduan nabil, haurren logelak eta horrelako gauzak prestatzen.
Asier: Nik ingenieritza ikasi nuen eta fabrika batean ari naiz lanean.

  1. Lehenengo maketa, Zelatan, grabatu ondoren, espero al zenuten horrelako arrakasta?

Xabi: Baita zera ere. Hasieran bertsioekin hasi ginen eta denetarik jotzen genuen oso gusto desberdinak baitzeuden taldearen barnean. Baina heldu zen momentu bat, gure abestiak prestatzen hasi ginela eta jada bagenituen sei zazpi abesti eta ez genuen gure burua entzuten inoiz, kasete batean grabatzen genuen baina soinua nahiko kaskarra zen eta pentsatu genuen: “eta zergatik ez dugu maketa bat grabatzen?”. Garai hartan oso ohikoa zen, talde gehienek maketa bat grabatzen zuten estudio batean edo ahal zuten moduan. Gu estudio batera joan ginen grabatzera eta gure sorpresarako entzun genuena gustatu egin zitzaigun, soinu ona agertu zen.
Asier: Estudio batetara joaten zarenean lehenengo aldiz, ez duzu ezagutzen teknikaria eta lehenengo galdera izaten da ea ze motatako soinua pentsatu duzuen edo zein ideia daukazuen. Guk ordea ez genekien, “zuk esaten duzuna” erantzun genion. Orduan guretzako sorpresa bat izan zen, pozik gelditu ginen, ez ginen ohituta oihartzunetara eta horrelako gauzetara.
Xabi: Asteburu batean egon ginen maketa hori grabatzen eta oso pozik atera ginen. Orduan bazegoen ohitura bat maketak tabernetan uzteko eta gero jendeak erosi egiten zituen gustuko bazituen. Horregatik erabaki genuen kopia batzuk ateratzea eta Axier eta biok asteburuetan herri ezberdinetako tabernetan kopiak uzten joaten ginen. Gure sorpresarako jendea eskatzen hasi zen maketa, guk hamar maketa uzten genituen adibidez Ordizian eta gero tabernakoak deitzen zuen esanez saldu egin zirela.
Asier: Buelta bat egiten genuen, uzten genituen maketa batzuk eta bigarren bueltan pentsatzen genuen: “zerbait saldu ote da?” eta iristen ginenean gehiago ekartzeko esaten ziguten, jendea eskatzen ari omen zen eta gu harrituta. Azkenean maketa hori gogoratzen dut 1000-2000 inguru kopia saldu zirela, distribuzioa guk biok eginda, baina gu jolas moduan hasi ginen .
Xabi: Lehen asko ematen zen, tabernetan kaseteak egoten ziren taldearen izena zeraman karteltxo batekin.

  1. Nahiz eta orain dela 20 urteko kanta izan, edozeinek ezagutzen du Kaixo! abestia. Zergatik izan da zuen ustez kantarik arrakastatsuena? Zuen kantarik hoberena dela uste al duzue?
Xabi: Ez, hoberena ez. Zergatik izan den arrakastatsuena misterio bat da. Gogoratzen dut abesti hori kaleratu genuenean jendeak esaten zigula: “zer atera duzue?”. Gainera bigarren diskoko lehenengo abestia zen eta jende askorentzat zerbait arraroa izan zen, baina nolabait jende askoren bizitzan sartu zen. Bakoitzak baditugu gure gustuak eta gure abesti kuttunak eta egia da Urtz taldean oso abesti desberdinak egon izan direla beti eta hau horietako bat da. Baina ez genuen pentsatzen inolaz ere eduki duen arrakasta izango zuenik.

  1. Zer dela eta aldatu ziren taldekideak 1998-2003. urte bitartean? Zergatik bildu zineten 2013. urtean hasierako kideak eta ez jarraitu aldaketa horiekin?

Asier: Hasieratik laurok batera ginen, Xabi, Victor, Josu eta ni, eta laugarren diskoa egin ostean, udara horretan, taldea eta lana tartekatzen hasi ginen, eta hau geroz eta zailagoa bihurtu zen guretzat. Taldekideok lan ezberdinak genituen eta hauek konbinatzeko hainbat gatazka edukitzen genituen. Victorrek laneko ordutegiagatik utzi behar izan zuen taldea eta nik Bartzelonara lanera joan behar nuelako. Gure ordez Ritxi eta Javi egin ziren taldearen partaide.

Xabi: Lehenengo Ritxi sartu zen eta gero Javi ezagutu genuen Ritxiren bitartez eta egia esan zorte handia izan genuen taldea aurrera eramatea lortu baikenuen. Etapa zaila izan zen, izan ere urte askotan batera egon ginen laurak eta bat-batean jende berriarekin astea ez da erreza, baina oso ondo egokitu ziren taldera. Beraiekin lau urte egon ginen eta azkeneko kontzertua jo ostean ez genuen berriro itzultzeko asmorik, baina hamar urteren buruan, entsegu baterako biltzeko aukera izan genuen aspaldi-aspaldiko partez. Oso esperientzia polita izan zen berriro elkartzea eta abestiak jotzea, horrela piztu egin zitzaigun berriro ere grina.

Axier: Victorri otu zitzaion taldeari berriro ere hasiera ematea. Aintzinan bizitako esperientziak biziberritzeko grina sortu zitzaigun, eta hori egiten hasi ginen, gaur arte.

  1. 2001. urtean Aingeru diskoa kaleratu zenuten, bertan argi ikus dezakegu musika estilo aldaketa bat, rocketik popera. Zer dela eta aldaketa hau?
Xabi: Eboluzioa. Pertsona bakoitzak baditu bere etapak, batzuk mugituagoak dira eta beste batzuk lasaiagoak. Urte horietan, konposatze genuen beharra aurreko urtetakoena baino lasaiagoa izan zen. Urtzen egin ditugun gauzak beti momentukoak izan dira, barruan genituen sentipenak askatzeko. Ez genuen gauza konkretu bat bilatu, horrela atera zen.
Asier: Beti grabatu izan dugu ateratzen zena. Ez genuen mugarik jartzen eta zortez disketxeak ere ez. Guk erabakitzen genuen zer nolako musika egin nahi genuen.
  1. Disko honek jarraitzaileen artean arrakasta eduki arren, zergatik erabaki zenuten taldea uztea?
Xabi: Etapa ezberdinengatik. Lehenago Victor eta Axierrek lanagatik utzi behar izan zuten bezala, Javik Bartzelonara joan behar izan zuen lanera, eta honek beste aldaketa bat suposatzen zuen. Gainera bat egin zuen, garai hartan nik familia eduki nuela. Beste erritmo batzuetan bizitzen hasi ginen. Taldearen etaparen amaiera zela sentitu genuen, era natural batean. Beranduago beharrezkoa izan zela konturatu ginen, pixka bat gelditzea behar genuela.
  1. Nola sentitu zineten Bilborock aretoko azken kontzertu hartan?
Xabi: Oso gaizki. Egia esan nahasketa bat izan zen. Azkeneko kontzertua zela pentsatzea gogorra zen ez zenekielako horrelako  esperientziak bueltatuko ziren edo ez ziren bueltatuko. Ni aurreko egunean ahotsik gabe gelditu nintzen nahaspila horren ondorioz, nik uste. Azkenean kontzertua aurrera joan zen baina tentsio handia zegoen. Oso eskertuta geunden han azaldu zen jende guztiari kontzertua bihotzez  bizi zuelako eta abestiak kantatzen. Oroitzapena nahaspila bat da, alde batetik polita, baina gogorra era berean.
  1. Nola sentitu zineten berriro ere oholtza gainera igo zinetenean 2013. urteko Durangoko Azokan, Plateruenea Antzokian?
Asier: Nire kasuan, lehenengo kontzertuan jo genuenean baina tentsio gehiagoko kontzertua izan zen. Denbora asko egon ginen kontzertu batean jo gabe eta gainera Plateruenea bete egin zen. Oso urduri gogoratzen dut kontzertu hura, ohitura falta eta konfiantza falta puntu hori genituen baina zortez oso kontzertu polita atera zen.
Xabi: Gainera ez genekien zer espero, ez genekien ea jendea hurbilduko zen, ez genekien ea jendeak abestiak  oroituko zituen… izan ere hamar urtetan asko aldatzen dira gauzak eta bat batean kontzertua hasi eta abesti zaharrak jendea kantatzen ikustea oso polita izan zen.
Asier: Gainera beste galdera bat genuen, ea ze jende etorriko zen: bere garaian jarraitzen gintuztenak, jende berria… sorpresa ona izan zen guretzako gure jendeaz gain jende gaztea ere agertu zelako. Gainera kanta batzuk jende gaztea baina zaharragoa dira eta harritu egin gintuen.

  1. Esperotako emaitza lortu al duzue Astiro diskarekin?
Xabi: azkenean guretzako elkartzeko aukera bat izan zen eta bakoitzak genituen abestiak kaleratzeko, hori bakarrik guretzako oso aukera polita izan da. Ez genuen gehiegi espero entzulegoaren aldetik Durangoko kontzertu horretan espero ez genuen bezala. Gaur egun oso zaila dago musika zabaltzea eta guk azken finean jarraitzaile kopuru bat izan genuen garai batean eta aukera izan dugu entzulego horri gure musika eskaintzeko. Gehiegi espero ez genuenez esperientzia ona izan da.
Asier: Konturatu ginen, soinu aldetik, bakoitza bere etxean bakarka baino hobea zela soinua taldean jotzen genuenean. Gainera urte horretan kontzertu pila bat jo genituen, hurrengo urtean pixka bat gutxiago jo genituen baina erantzuna ona izan zen. Bere garaian Bizkaia zen Urtz entzuten zuen probintzia nagusia eta buelta honetan ere hala izan da. Gipuzkoa, Bizkaian eta Iparraldean jo ditugu kontzertuak baina gehienbat Bizkaia eta Iparraldean.
  1. Zein izan da gehien markatu zaituzten abestia?
Xabi: Nire kasuan, baditut momentu ezberdinetarako abestiak. Bat, esaterako, Kaixo! izan da. Kantu honek jendearengan eduki duen eraginak oraindik ere harritu egiten nau, horregatik dut gustuko, jendeak honekin gozatu duelako. Baina bestela ezin dut esan kantu bat, desberdin asko baititut.
Asier: Zaila esatea. Adibidez, niri gustatu izan zaizkidan abestiak ez dira, gero, jendeari gehien gustatu izan zaizkionak. Bostgarren diska entzun nuenean, entzule gisa, Boulervardeko erlojua abestiak jo zidan gehien. Orduan ohartu nintzen kanpotik eta barrutik zein ezberdin sentiarazten zaituzten abestiek. Nik ere nabaritu nion Aingeru diskari pop kutsu bat. Oraindik ere gustukoena dut abesti hura.
  1. Zein proiektu berri dituzue buruan? Disko berriren bat kaleratzeko asmorik ba al duzue?
Xabi: Egia esan, konposatzeko garai batean gaudela iruditzen zaigu. Orain dena pixka bat moteldu da eta uste dut, beharra dugula dena apur bat lasaiago hartzeko eta bide berriak bilatzeko. Nik, etapa berri honetan, kantu berriak konposatzeko gogoa badut baina horretarako ispirazioak etorri behar du, ez da denbora laburreko gauza.
Asier: Aurreko diskoan gertatu zenaren kontrakoa nahi dugu. Aurreko diskoan, izan ere, elkarrekin berriro jotzen hasi eta hilabetera disketxea agertu zen Durangorako grabatu behar genuela esanez. Oso intentsua izan zen, sei hilabetetan diskoa berri oso bat grabatu behar genuelako. Hala ere, oso gustora ibili ginen.
  1. Zein aholku emango zenieke musikari gazteei?
Xabi: Azkenean, barnean sentitzen dituzun sentsazioak, melodiak eta letrak azaleratu behar direla. Zuk sinesten baduzu eta sortutakoak zu unkitzen bazaitu edo zer edo zer esaten badizu, sentipen horiei kaso egin behar zaiela, besteek esaten dutena kontuan izan gabe. Mugarik gabe pentsatu behar da, zuk pentsatzen duzuna da garrantzitsuena. Gustura egiten diren gauzak azkenean merezi dute.
Asier: Etapa desberdin asko bizitzen dira musika talde batean. Guk momentu oso onak bizi izan ditugu urte hauetan zehar; gazteak gineneko larunbat arratsalde haiek ez ditut inoiz ahaztuko. Garrantzitsuena, lagunartean musikaz gozatzea dela uste dut.

Hau izan da gure elkarrizketa espero asko gustatu izana eta Urtz taldeari buruz zer edo zer ikasi izana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario