miércoles, 6 de abril de 2016

JON AZPIAZU


“Niri musika betidanik gustatu izan zait”

Jon Azpiazu, gazte zenetik musika zaleari, elkarrizketa egitea ideia bikaina iruditu zitzaigun, izan ere, urte mordoa darama bere baxua eta ahots eder horrekin kantuan.Guri asko gustatzen zaigu bera kantuan entzutea eta bere kontzertuetan pila bat gozatzen dugu, hori da elkarrizketa berari egin diogunaren arrazoi handienetako bat. Espero dugu Jonen bizitza hemendik aurrera guri bezain beste gustatzea.

  • Noiztik jotzen duzu baxua? Zerk bultzatu zintuen musika munduan sartzera?
Hasieran gitarrarekin hasi nintzen, 17 urterekin ikasten hasi nintzen, gero, bigarren eskuko baxu bat erosteko aukera izan genuen eta 23 urterekin hasi nintzen hau jotzen ikasten. Zergatia? Ba, niri musika betidanik gustatu izan zait eta nire lehengusuarekin batera, oso lagun handiak garela gainera, berak gitarra ikasi zuen eta ondoren niri erakutsi zidan. Txikitatik gitarra bat izan dugu etxean, oraindik ere etxean daukaguna, eta gitarra hori nire osabak, musikari famatua izandakoak hain zuzen ere, Jose Azpiazu, kontserbatorioko gitarra irakasleak, oparitu ziona da nire anaiari. Nire anaiari oparitu zion baina ni txikia nintzela gitarra horrekin jolasean ibiltzen nintzen. Eta bultzatu,  azken finean adinak, musika gustatzeak eta horrelakoek egin ninduten.

  • Lehengo taldearen izena “Saz le bolo” zen, kontatuko al zeniguke nondik datorren izen hori?
Nik nire lehengusuarekin jotzen nuen, bikote bat ginen, gainera, bururatu zitzaigun beste izen bat jartzea “Ixara” hain zuzen ere, baina bikote bat bezala jotzen genuen eta horregatik beste partaide batekin elkartzea erabaki genuen, bateria batekin. Nire lehengusuak gitarra, partaide berriak bateria eta nik bajua jotzen genituen. Izena lehenagotik dator, parranda gau batean nire lehengusina batekin ginela, txano-gorritxoren ipuina kontatu zigun alderantziz. Ez naiz gogoratzen nola zen baina momentu batean “Saz el bolo” esaten zuen eta guri taldearen izentzat jartzeko ideia ona iruditzen zitzaigun, pixka bat aldatuta “Saz le bolo” jarri genuen. Jendeak galdera pila bat egin izan dizkigu, zergatik izen hori, eta abar. Baina besterik gabe, guretzat, ez zen garrantzizko gauza bat izena eta horrelaxe utzi genuen.

  • Taldea sortu zenutenetik zenbatera izan zenuten lehen kontzertua?
Nahiko azkar, taldea sortu aurretik, 1984ko abenduaren erdialdean jaialdi bat egin zen Oñatin eta jaialdi hartan beste talde batekin jo behar izan genuen, bateriarekin hain zuzen. Bateria harekin oso harreman ona izan genuen. Handik hilabete batzuetara, “Bixent” ezagutzeko aukera izan genuen, bateria jolea, eta harekin uste dut 1985 urte erdialdean kontzertu bat izan genuela Oñatin, Udaletxeko plazan oker ez banago.

  • Zer sentitu zenuen lehen aldiz oholtzara igo zinenean?
Beno, kontua da lehenagotik ere jotzen genuela, baina kontzertu horiek herriko jaietan eta horrelakoetan izaten ziren. Urduritasuna nabaria izan ohi zen. Nik uste, 18-19 urterekin jada jotzen genuela eta gogoratzen naiz guretzat garrantzitsua izan zen jaialdi batean Imanol abeslaria eta Ruper Ordorikarekin jo genuen. Ruper Ordorikaren lehenengo diskoaren aurkezpena bezala izan zen. Sentitu? Ba, urduritasuna, hitzak ahaztu eta momenturen batean “tiriri lalala” bukaera bat emanez ez mozteko eta horrelakoak. Baina beno urduritasuna beti sumatzen dugu, baina adinarekin lasaitzen joan naiz.


  • Kantak idazten dituzunean zertan pentsatzen duzu? Zergatik?
Uff! Ba, garai hartan, oso modan zegoen “Rock and Roll Vasco” eta talde gehienek jotzen zuten zentzu bakar batekin. Azken batean politika eta halako kontuen inguruan. Guk ordea, desberdintasun bat bilatuz eta gure izateko erari jarraituz beste gai batzuei buruz kantatzen genuen, adibidez, udaberriari, amodioari eta batzuetan letra batzuk ateratzen genituen ba umorez edo zerikusi gutxi zuten gauza askori buruz, baina batzuetan besteek bezala politikaz ere kantatzen genuen. Izan ere garai hartan politikan garai bizia bizitzen ari ginen. Gutxi gorabehera denetik baina maitasunaren inguruan beti, dudarik gabe.

  • “Szinks” kantua maitasunaren inguruan idatzi zenuen, zeinengan oinarritu zinen?  
Amiga! Ba gustuko nuen Oñatiko neska baten inguruan, haren finuragatik etorri zitzaidan letratxo hori idaztea, beti ere tontotuta zaude, adin horietan.

  • “Saz le bolo” taldean, hasieratik bukaeraraino musikari berak egon al zineten?
Ez, printzipioz hasi ginen bateria jolearekin eta gero elkartu ginen flauta trabesera, saxo sopranoa, eta teklak  jotzen zituen beste batekin. Gero kontua izan zen, momentu batean bateriarekin moztu egin genuela eta soluzio moduan kaxa batekin ibili ginen. Pertsona bat ezagutu genuen Fran Iturbe, oso gitarrista ona eta famatua, talde askorekin ibilitakoa. Hark programazioak egin zizkigun. Eta  bukaera bukaeran Juan Luis gurekin etortzen zen mutil batek furgoneta ekartzen zuen bertan gauzak eramateko, baina halako batean esan zigun berak ere teklatua zertxobait jotzen zuela, beraz aukera eman genion gurekin jotzeko. Beste behin Fran Iturberekin ere jo genuen, gitarra jo zuen.

  • Oñatiko Guria taberna itxi zutenean, zuei eskaini zizuten bertan jotzeko. Kontatuko al zeniguke bertan bizitakoa?
Guria taberna instituzio bat izan zen guretzako, nire lehengusuaren taberna zen, eta taberna hartan ba kultura, mobidak… asko mugitzen ziren asteburuetan. Asteburuak oso esanguratsuak ziren. Telebistarik ez zegoen, musika bakarrik. Ordu pila bat sartu izan ditugu bertan. Txiriboga moduko taberna bat zen, barruan jo genuen eta ohore bat izan zen taldearentzat taberna hau ixtean guk ekitaldian parte hartzea. Urte pila bat atzera bueltatzea bezala izan zen, ezagun guztiak bertan ikustea, oso polita izan zen adibidez, Masaki Muraka, guk egindako lagun bat, Japoniarra, Oñatin bizi izan zena denboraldi batean euskara ikastera etorri zelako, oso marrazkilari ona zen eta gure diskoaren barruko letrak berak diseinatzen zituen. Ondoren Lisboara joan zen bizitzera, eta bertatik Oñatira joan zen gu ikustera, eta niretzako oso pozgarria izan zen. Taldeko betiko partaideak Imanol Huarte eta ni izan gara eta gu biok bakarrik jo genuen, bi gitarrarekin hau da elektrikoa eta akustikoarekin, oso zaila ikusten baikenuen guztiok elkartu eta entsaiatzeko denbora bilatzea. Familiarrak, Usurbileko jendea… joan zen ikustera.

  • Ba al duzu kontakturik taldeko beste partaideekin?
Bakarrarekin, Imanolekin. Baina gertatzen dena da jada Oñatira gutxi joaten naizela, eta oso gutxitan ikusten garela. Besteekin ez dut kontakturik, ez ditut aspaldian ikusi. Pena ematen dit baina bakoitzak bere bizitza egiten du eta ez arrazoi berezi bategatik baina bakoitzak bere bidea hartzen du.

  • Orain berriz ere taldearekin kontzertu bat jotzeko aukera emango balizute, jotzeko prest egongo zinateke?
Bai, noski baietz gustura gainera. Baina entsaiatu egin beharko genuke. Orain beste talde batekin bainabil Usurbilen eta kantak pixka bat ahaztuta ditut. Baina bai, batez ere  Imanolekin jo nahiko nuke berriz. Gainera proposatu izan diot berriz elkartzeko, kanta berriren bat ateratzeko.

  • Zein kontzertuz oroitzen zara gehien taldeaz hitz egitean? Kontatuko al zeniguke bertan bizitakoa, zer sentitu zenuen kontzertuan…?
Denetik, gauza asko etortzen zaizkit burura, guztiak desberdinak. Adibidez bere garaian oso modan zegoen leku batean jo genuen, Bilboko sala batean. Oso polita izan zen. Oroitzen naizen beste bat, Logroñon jo genuenekoa, urrutien izan garen lekua, sala batean jo genuen, talde ezagun dezenterekin batera. Jende gehien elkartu zen kontzertua ere oso berezia izan zen, Arrasaten. Kiroldegian jo genuen 4.000 pertsonen aurrean, Pakito Arriagaren omenez. Bertan Barrikada eta beste talde ezagun batzuekin batera jo genuen.

  • Badakigu “The Hastelens” taldean zaudela, lehengo taldearekin bizitakoak oroitzen al dizkizu?
Oso desberdina da. Baina gauza batzuetan bai, oroitzen naiz. Adibidez orain pare bat kanta atera ditugu, hirugarren bat ateratzeko gaude, batean letra eta musika gureak dira… Horrelako gauzek bai oroitzapen ugari ekartzen dizkidate. Normalean  bertsioak bakarrik jotzen ditugu. Taldean elkartzen gara eta kantak joaz dibertitzen saiatzen gara, urtean hiru lau aldiz jotzeko.

  • Nondik datorkio izen hori taldeari?
Izenik ez genuen eta bueno lotsagarria iruditzen zitzaigun “Zumarteko helduen taldea” deitzea. Eta halako batean nik proposatu nien izena aldatzeko. Eta nola astelehenetan entsaiatzen genuen ba “Mix” bat eginez “The Hastelens” jarri genion. Nik uste dut polita geratu dela baina lehen esan bezala izenarena gutxienekoa da eta oraingoan ere galdera pila bat egin izan dizkigute. Orain kontua da ezin izango dugula egunez aldatu entsaiatzeko, zeren adibidez asteartetara aldatzen badugu izenaren kontua konplikatuagoa izango zen.

  • Zein desberdintasun dago “Saz le bolo” eta “The Hastelens”en artean?
Niretzako, hasteko adinaren kontua oso garrantzitsua da. Garai hartan gure barrutik atera zena izan zen eta besterik gabe guk jo eta gure kantak atera nahi genituen. Orain, ordea, jende desberdina elkartu gara eta beste taldeen kantuak jotzen ditugu bi izan ezik. Alde batetik da bertsio talde bat eta bestetik gure talde bat.

  • Zure seme alabek ere musika munduan jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Ez gustatu bakarrik, kontua da jarraitzen dutela. Jon Mikelek izan ere talde bat du, “zaparra”. Eta asko pozten naiz ikustean zenbat gogorekin jotzen duen. Malenekin emozionatu egin nintzen frontoian jo zuenean, aurretik banekien nolakoa zen baina hor ikustean desberdina izan zen. Eta zer esanik ez, gure txikiena Nahiak, flauta jotzen du, kantatzen du, pianoa ere eta trebetasun handia du. Eta oso konbentzituta nago hirurak, bakoitza beren bidetik, izugarrizko gauzak egiteko gai direla. Oso pozik nago.

Laburbilduz, esan dezakegu Jonen bizitzan eragin handia izan duela musikak, oso garrantzitsua izan dela berarentzat eta mundu horretan murgilduta bizi izan dela gaztetatik. Oso esperientzia polita izan da berari elkarrizketa hau egitea, berari buruz gauza asko ikasi dugulako, eta espero dugu zuei ere gustatu izana. Mila esker.


Eider Makazaga eta Nahia Arbizu

No hay comentarios:

Publicar un comentario