miércoles, 6 de abril de 2016

  
JARRAIAN KIKE AMONARRIZI EGINDAKO ELKARRIZKETA DUZUE. 
Elkarrizketa hau Ane  Elexpe eta Ainara Aranburu ikasleek egindakoa da.





“Euskara bizitzari zukua ateratzeko dudan tresna da”

Kike Amonarriz Tolosan jaio zen 1961eko irailaren 30ean. Euskal filologia ikasi zuen eta txikitan astronauta izan nahi zuen, baina bat-batean bere aurreikuspen guztiak aldatu ziren. Astronauta izatearen ametsa alde batera utzi eta telebista munduan murgildu zen. Ez al da zirraragarria? Kikeri eta telebista munduari buruz gehiago jakin nahi baduzu irakurri ezazu Kikeri egindako elkarrizketa!

Nola sentitu zinen lehen aldiz telebistako plato batean egon
zinenean? Konta iezaguzu zure esperientzia.

Nik uste, Asier Etxeberriak egiten zuen sukaldaritza eta elkarrizketa programan egon nintzela lehen aldiz telebistako plato batean.
Plato txiki bat zen eta hiru lagun soilik geunden bertan, hasieran pixka bat urduri nengoen baina egia esan hasieran inkontzientea zara eta ez zara ohartzen zer den telebista. Seguruenik, askoz gehiagotan egon naiz lehen egunean baino askoz ere urduriago. Denborarekin, urduritasuna galtzen duzu baina errespetu handiagoz begiratzen duzu, badakizulako egiten duzun lanaren oihartzuna nolakoa den.

Nola hasi zinen telebista saioetan aurkezle lanak egiten?
Zuk zeuk eman zenuen izena edo deitu egin zizuten?

Deitu egin zidaten, aurretik aurkezle lanak ez ziren beste lan batzuk batzuk egin nituelako. Aurretik txiste kontalari bezala batera eta bestera ibili nintzelako hasi nintzen mundu honetan. Orduan, txiste
kontalaririk ez zegoenez, urte zaharretako programa berezi baterako txisteak kontatzeko deitu gintuzten. Bertan txisteak kontatu eta gero asteroko programa batera deitu gintuzten txisteak kontatzeko. Orduan txisteak kontatzetik, bat-batean, Funtzioa izeneko programa batean parte hartzera pasa nintzen.

Han gidoilari bezala ibili nintzen gidoi batzuk egiten eta parte hartzen batzuetan. Handik, bat-batean, deitu ninduten aktore bezala programa batean parte hartzeko. Izan ere, nire lehenengo lana ez zen izan aurkezle bezala, aktore bezala baizik, Hau da A.U. izeneko telesail moduko batean. “Sit-comedy” moduko bat zen. Bertan hasi nintzen aktore lanetan, sekula santan aktore ikasketarik egin gabe eta sekula santan entsegu bat ere egin gabe; eta hori, barregarria ez, hurrengoa izan zen. “Hau da A.U.” programan parte hartu eta gero eduki nuen nire lehen aukera aurkezle izateko. Hala ere, aurkezle lanetan hasi aurretik programa batean parte hartzea proposatu zidaten, baina ez aurkezle bezala. Lehenengo “Balindan” hartu nuen parte, euskararen inguruko hiru minutu tarteak egiten ziren, eta gero, “Txiskolan” hasi nintzen, eta hori izan zen aurkezle bezala egin nuen lehenengo lana. Baina ikusten duzuenez, bilakaera bat izaten zen, eta nik uste bizitzan gauzak horrela direla askotan. Ez da lehenengo aldian “pum” egiten duzula, ez. Bide luze baten ondorioz, bat-batean, egun batean zure burua programak aurkezten ikusten duzu. Sekula  santan pentsatuko ez zenukeen gauza bat. Izan ere, ni euskal filologia ikasitakoa naiz, pentsa nondik natorren, klaseak ematen egon beharko nuke eta.

Badakigu Euskal Telebistan denbora asko daramazula lanean eta
hainbat programa desberdinetan hartu duzula parte, hala nola,
Hitz eta Pitz, Funtzioa, Hau da A.U., Beni eta Martini, Balinda, Bai
zera, Txiskola, Sikofonia, Barrebusa, Mihi luze eta Burubero.
Programa horietatik guztietatik zein da zure gustukoena?
Zergatik?

Nik beti esaten dut, gustukoena dudana egiten ari naizena eta egingo
dudana dela. Horretan ez naiz nostalgikoa. Bizitza momentuan bizi behar da. Orain, ikaragarri gustura nago “Burubero” egiten eta orain
bete-betean nabil honekin. Ikaragarri gustura egon naiz “Tribuaren Berbak” egiten, orain dela gutxi arte, eta espero dut hurrengo urtetan bi
hauekin jarraitu ahal izatea. Nola nahi ere, badira gogoan iltzatuta ditudan programa batzuk ere. Esate baterako, “Hau da A.U.” aktore bezala parte hartu nuen lehen programa izan zen.
Sekulako oihartzuna izan zuen programa honek eta niretzako telebista munduan talde zeharo pitzatu batekin sartzea izan zen, burutik jota zeuden denak, hura festa bat zen astero-astero. Gero, “Txiskola” etorri zen eta “bum” bat izan zen. Sekulako oihartzun soziala izan zuen, ikaragarri ondo pasa genuen eta oso jende jatorra ezagutu nuen; baita usurbildar batzuk ere tartean, eta ondo dakizuen bezala, orduan ezagututako jende askorekin mantentzen dut harremana. Gero, esango nuke, “Mihi luze” izan dela beste kolpe ikaragarri bat. Zortzi urtez iraun duen programa bat da, sekulako oihartzun soziala izan duena eta gainera famili bat osatu genuen “Mihi luzen”. Hura ere lana zen, baina lagun talde bat ere bazen. Bereziki “Tribuaren Berbak” ere aipatu beharko nuke nire bizitzaren beste adar bat bezala. Izan ere, telebistaren karrera hasteko modua eskaini eta hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko nire ideia guztiak zabaltzeko aukera eman dit. Gainera, sekulako harrera eta sekulako eragin soziala izan duela ikusi dut. Eta orain hemen.

Telebista saio bat grabatzea esperientzia polita izango da, ezta?
Grabazioetan giro ona egoten al da lankideen artean?

Guk horretan zorte handia izan dugu, asko landu dugu gaia. Niri, bizi filosofia bat dela iruditzen zait. Lanean ari zarenean, langiro ona edo txarra lortu dezakezu. Nik beti pentsatu izan dut, bizitza laburra dela eta lanean ordu asko pasatzen ditugula. Beraz, bizitzak kolore oso desberdinak hartzen ditu lan orduetan, langiro ona baduzu edo txarra baldin badaukazu. Bestalde, telebistako produktu batean ere oso nabarmena da noiz dagoen langiro ona eta noiz ez. Seguruenik, langiro ona izan ez bagenu, “Txiskolan”, “Mihi luzen” edo “Tribuaren Berbetan” egin ditugunak ez ziren aterako. Ez genuen izango izan dugun harrera. “Mihi luzetik” ez ziren pasako 2.500 pertsona lehiatzera. “Tribuaren Berbetan” ez genituen elkarrizketatuko 300 bat lagun, eta jaso ditugun ezezkoak zehazki 4 izan dira eta oso arrazoi bereziengatik. Gainera, langiro ona dagoenean norberak bere onena eskaintzen du. Langiro txarra dagoenean aldiz, norberak ahalik eta aitzakia gehien jartzen ditu.

Seguruenik edukiko duzu anekdota barregarriren bat grabazioren batean gertatutakoa. Kontatuko al zeniguke anekdotaren bat?

Grabazioetan? Bai, asko; baita markak ere. Hemen aurpegian dudan marka txiki hau (aurpegia erakusten du), “Tribuaren Berbak”-eko lehen grabaketa aldiko azken elkarrizketa grabatzera gindoazela egin nuen. Tripodearekin irristatu nintzen eta “dumba”. Orain barre egiten duzue baina momentuan nik ez nuen barrerik egin. Esate baterako, gogoratzen nahiz “Txiskolan” barrez lehertzen hasi eta ezin grabatu izana askotan gertatu zitzaigula. “Hau da A.U.” egiten hasi nintzenean, “Hau da A.U.” programan Elena Irureta, Aizpea Goenaga eta hirurok ginen hiru aktore nagusiak eta ni nintzen beraien idazkaria. Laugarren programan, sekula santan hemen ibili gabe eta zer egin behar genuen galdetu nuen; eta hauxe erantzun zidaten “Kike, Martiniaren iragarkiaren antzeko bat grabatu behar dugu. Horretarako, izotz pistara joango gara eta zuk patinetan bandeja batekin eta Martini batekin atera behar duzu. Gu pistaren erdian egongo gara eta zuk zerbitzatu egin behar gaituzu”. Orduan esan nuen “Oso ondo, primeran. Arazo txiki bat dago, ez dakit patinatzen”. Eta esan zidaten “Lasai, ikasiko duzu, han monitore bat dago eta irakatsiko dizu”. Hara bederatzietan joan ginen eta hamarretarako grabatzen hasiak ginen, beraz, ordu batean ikasi behar izan nuen patinatzen, nola edo hala. Hurrengo batean esan zidaten Tarzanez jantzita eta lepoan suge bat zintzilik nuelarik atera behar nintzela. Eta esan nuen “Honaino, nik ez dut sugerik ukituko sekula santan”. Azkenean, nik ez nuen egin eta Patxi Gonzalezek egin behar izan zuen Tarzanena. Gogoratzen nahiz “Mihi luze” grabatzen ari ginela, gazteen programa bat gainera, “Tribuaren Berbak” proba grabatzen ari ginela, badakizue hitz batzuk falta direla, eta bat-batean neska bat begiak zabal zabalik jarri zela aurrera begira eta nik galdetu nionean arnas estuka hasi zela. Zuri-zuri jarri zen eta mozteko agindua eman nuen. Zer gertatzen zitzaion galdetu nionean “Betaurrekoak etxean ahaztu zaizkit eta ez dut ikusten” erantzun zidan totelka. Zenbat diotria zeuzkan galdetu nion eta ikus-entzuleen artean antzeko diotria zuen pertsona batek betaurrekoak utzi zizkion. Azkenean, sustoarekin lehenengo bueltan kaleratu zen. Horrelako mila anekdota daude.

Lehengo urtean “Burubero” programan hasi zinen aurkezle lanak egiten, guk Buruberora joateko aukera izan genuen eta asko gustatu zitzaigun esperientzia. Duela gutxi Irungo partaideak, Iñaki Goikoetxeak, 25.500€-ko saria irabazi zuen azken proba gainditu ostean. Nola sentitu zineten? Konta iezaguzu zure esperientzia.

Niretzako oso polita da, zuk badakizu zer den lanean ari zarela opariak banatzea? Olentzero sentitzen zara. Egia da, nik aurretik beti jakiten dudala zakua eraman duten ala ez, baina ezin dut adierazi, tentsioa mantendu behar dut azken segundora arte. “Bai!” esan nuenean mutila zuri gelditu zen, ez zekien nora begiratu. Bat-batean jauzi bat eman zuen eta ni garrasika hasi nintzen. Mikrofonoa airean bota nuen, airean harrapatu eta txartelaren atzean jarri nuen disimulatzeko. Gero, besarkatu egin ginen. Oso momentu polita izan zen. Hala ere, kontrakoak ere gertatzen dira batzuetan, erantzun baten faltan eta “Ez!” esan behar izatea. Baina hori ere jolasaren parte da eta hori ere kudeatzen ikasi behar da. Baina polita da, zuk pentsa zer desberdintasun dagoen zure lanean isunak jartzetik opariak ematera, ba horixe da desberdintasuna.

Telebista munduan sartzeak aldaketa handiak ekarri al ditu zure bizitzan?

Bai, erabatekoak. Batetik, ezagun bihurtzen zara; baina tira, hemen fama ere tribu txikiaren fama da. Parrandetan bat edo bestek gelditzen zaituzte, baina ez da desatsegina. Batez ere, jende asko ezagutzeko aukera eman dit, eta gainera, programa oso desberdinak egin ditudanez, eta beste lan batzuekin tartekatu ditudanez, Euskal Herriko txoko guztiak ezagutzeko aukera eta Euskal Herriko jenderik jatorrena ezagutzeko aukera izan dut. Bestalde, asko ikasi dut eta nik uste zoriontsu izateko modu bat ere eskaini didala. Lan guztiak oso esker onekoak izan dira. Salbuespenen bat egon da, baina horiek egiten dira “puntu eta tipex”.



Txikitatik izan nahi al duzu telebistan lan egin?

Ez, nik astronauta izan nahi nuen. Ez zitzaidan burutik pasa ere egin telebistan lan egitea. Egin kontu, ni Euskal filologia ikasten hasi nintzen eta orduan euskarazko klaseak ematen nituen. Euskara taldean sartuta nengoen eta mundu horretan mugitzen nintzen. Txistetara iristea kasualitate bat izan zen. Nahiz eta dena esan behar baldin bada, bazegoen aurrekari bat. 15 urterekin pailazo lanak egiten irabazi nituen nire lehenengo diruak.

Kirol programa batean edo musikaren inguruko programa batean parte hartzeko deituko balizute, onartuko al zenuke eskaera?

Tira, kirol programa batean agian parte hartuko nuke, ez kirolari bezala, oso txarra bainaiz kirolari bezala, beraz, aurkezle bezala parte hartuko nuke. Baina hori bai, baldin eta gidoi guztia idatzita balego; ez bainaiz oso kirolzalea eta ez nuke horretarako balioko. Musikari buruzko batean bai, parte hartuko nuke, baita kantari bezala ere. Txarra naiz baina tira, hori ikus-entzuleen arazoa izango litzateke.

Jakin dugunez, “Mihi luzeko” eroglifikoak, esamesak, imihintzioak, potokumeak...zure sorkariak dira neurri batean. Nondik ateratzen zenuen joko hauek guztiak asmatzeko irudimena?

Tira, hor badira bi marrazkilari, Asisko Urmeneta, orain arte Kukuxumuxuko marrazkilaria zena eta orain Katuki Saguyaki enpresan lanean ari dena, eta Antton Olariaga, Zakilixut-en marrazkilaria. Talde bat sortu genuen, “Zazpiak bandan”, eta hitzaldi batzuk eman genituen. Hitzaldi horietan, hainbat istorio egiten genituen eta tartean hizkuntzarekin jolasten hasi ginen. Esamesak azaldu zirenean esan genuen “Goazen esamesekin jolastera” eta Antton Olariagak beste hizkuntzetan egiten den bezala hiztegi bat asmatzea proposatu zuen.  Hiztegi bat egiten hasi ginen eta hitz horiekin jolasten, eta gero, hitz bereziak eta argotak biltzen. Euskaraz eroglifikoak egiten hasi ginen, Anttonek egin zituen lehenengo eroglifikoak.
Eta handik ikusi genuen hor bazegoela gaia, bazegoela materiala jolasteko. Hori gizartera nola transmititu pentsatzen hasi ginen,nola esan hura jendeari. Izan ere, garai hartan jendea beldurtuta zegoen esamesekin ea euskara galduko ote zen edo ea jendeari idazten ahaztuko ote zitzaion pentsatzen. Orduan esan genuen “Hemen materiala dago”; sekulako hitz pila jaso genituen herriz herri, eta joko hori telebista bidez nola zabalduko genuen pentsatzen hasi ginen. Nik Txiskolaren erreferentzia neukan eta pentsatu nuen horrekin lehiaketa bat egin zitekeela. Orduan ideia harekin formatu bat sortu genuen; euskaratik eta euskararen beharretatik sortutako formatu bat. Gero telebista katalanak formatu hori erosi zuen eta nik uste EITBtik Kataluniara eta beste hizkuntzetara pasatako lehen formatua izan zela.

Irudimenarekin jarraituz, nondik ateratzen dituzu txiste liburuak edo umorezko artikuluak idazteko ideiak?

Tira,txisteak hor daude. Txiste liburuak gehiago izaten da txisteak entzun eta itzuli edo egokitzea; sortu ere bai, behin edo behin, edo gertaerak txiste bihurtu. Askotan, agian erdaraz funtzionatzen duen txiste batek, edo frantsesez edo ingelesez funtzionatzen duen txiste batek ez daukala itzulpen zuzenik. Beraz, oso ariketa polita da txiste horretan oinarrituta euskaraz grazia egin dezakeen txiste nola sortu pentsatzea. Beste batzuetan, jendeari entzundako txisteak, edo liburuetan irakurritakoak idazten edo egokitzen ditut. Duela gutxi, etxean txiste batzuk bota nituen, baina momentu batean egongo ziren ehun bat txiste kasete edo disko eta 200 bat txiste liburu. Bestalde, denboraren poderioz txisteak askotan irakurtzen dituzunean batzuek bakarrik egiten dizute grazia. Iaz, 33 urte astero txisteak Argian idazten pasa eta gero, esan nuen “Nahikoa da”. Txorakikeriak bost atera nuen eta esan nuen “Hau da nire azken txorakikeria”.





Jarraitzen al duzu umorezko artikuluak idazten?

Bai. Noizean behin artikuluren bat idaztea egokitzen zait, nahiz eta gutxi idazten ditudan. Normalean, umorezko artikuluak baino umorez zipriztindutako artikuluak idaztea gustatzen zait, baina umorea beti hor dago. Esate baterako, laster, umorea irakaskuntzan nola erabili daitekeen erakusteko ikastaro bat ematea eskatu didate. Beraz, gaia ez daukat erabat utzita. Bestalde, oraindik horrelako kontuak irakurtzen jarraitzen dut.

Zer gustuko duzu gehiago, telebista saioak aurkeztea edo umorezko artikuluak idaztea?

Egia esan, errazago ateratzen zait telebistako lana. Umorezko artikuluak idaztea oso gauza zaila da, askoz ere errazago idazten da drama bat. Adibidez, poesia bat idazteko esaten baldin badizuete, seguruenik maitasunezko poesia bat edo poesia triste bat aterako zaizue. Poesia komiko bat idaztea oso zaila da. Esate baterako, oso oscar sari gutxi daude umorezko pelikulei emandakoak. Oscar sariak irabazteko normalean dramak idazten dira. Adibidez, bertsolari txapelketetako azken gaiak, kartzelako gai tristeak eta tragikoak izaten dira. Normalean, horrekin puntu gehiago irabazten da komikotasunarekin baino. Jendeak esaten du umorea ona dela baina normalean jendeak nahiago izaten du drama eta negarra. Batzuetan gehiago iristen baita. Egia da, umorezko artikulu bat idaztea kosta egiten dela, agian errazagoa da jendearengana puntu tristetik emozioetara iristea, barretik iristea baino. Horregatik, umoreak prestakuntza eta ahalegin handia eskatzen ditu.







Utz dezagun telebista mundua alde batera oraingoz, eta has gaitezen beste galdera mota batzuk galdetzen. Zer pertsona ospetsu miresten duzu? Adibidez, idazle bat, antzezle bat, abeslari bat…


Tira, ez naiz mitomanoa. Erreferentzi asko dauzkat bizitzan, baina iruditzen zait gehien estimatzen ditudanak ez direla izen handia duten horiek. Nik uste dut, hor erreferentzia asko daudela, baina gehien miretsi behar ditugunak normalean oso hurbil ditugula, ez dugula oso urrutira joan beharrik. Beste gauza bat da, agian, pertsona batzuk beraien filosofiarengatik edo bizitzarengatik eredugarriak iruditzea. Baina beti betetzen da lege bat, eta hau aspaldi erakutsi zidaten “Norbait miresten baduzu ez ezazu ezagutu”. Izan ere, hurbiltzen zarenean denak gara pertsonak eta denok dugu ipurdian zuloa; modu poetiko batean esanda.

Zein dira zure zaletasunak? Zer gustuko duzu egitea zure aisialdian?  

Aisialdian, asko gustatzen zait irakurtzea. Liburuak jan egiten ditut. Pelikulak ikustea ere gustuko dut, astero ikusten dut pelikula bat. Bidaiatzea ere gustatzen zait, lagunekin egotea, familiarekin egotea, lasai egotea... Parrandazalea ere banaiz, inauteriak gustuko ditut, San Ferminak gustuko ditut, musika ere gustatzen zait… Garai batean kolekzionista nintzen baina hori jada utzita daukat.

Ba al duzu ohitura arraroren bat?

Bai, baina horiek ez dira esaten, horregatik dira arraroak. Nire alabek esango lukete oso maniatikoa naizela, eta banaiz. Adibidez, nire ohitura arraro bat da ohitura arraroei buruzko galderak ez erantzutea.



Zer iritzi duzu gaur egungo teknologiaren inguruan? Erabiltzen al dituzu sare sozialak?

Twitterra erabiltzen dut. Facebook eta horiek ez ditut erabiltzen. Blog bat ere izan nuen baina denbora faltaren ondorioz jada ez dut erabiltzen. Normalean WhatsApp bidez jartzen naiz harremanetan familiakoekin eta lagunekin. Facebook-a ez dut egin nahi izan, babes neurri modura. Twitterra aldiz asko erabiltzen dut informazioa jasotzeko eta zabaltzeko, ez iritziak emateko. Horretan iruditzen zait iritzi gehiegi daudela mundu honetan eta gutxiago hitz egin beharko genukeela eta pixka bat gehiago pentsatu ondoren esan gauzak. Twitter eta horietan “bote prontuan” ateratako gauza gehiegi entzun eta irakurtzen dira. Twitter egunero erabiltzen dut edo begiratzen dut, egunero idatzi ez. Hor ere esku frenoa sartu baitut. Baina astero idazten ditut gauzatxo batzuk. Iruditzen zait asmakizun mundialak direla, baina gauza guztiek bezala arrisku berri batzuk dituzte; eta horiek kontuan hartzen badira oso ondo daude baina kontuan hartzen ez badira kontuz ibili behar da. Hori dena bezala da, autoa bezala, irratia bezala, telebista bezala edo liburuak bezala. Irakurtzea ona da, baina beti ere irakurtzen duzunaren arabera.

Ba al duzu amets edo desira bereziren bat? Hala bada, bete al zaizu ametsen bat?   

Aitortu behar dut bizitzan amets asko bete ditudala eta nire hurrengo ametsetako bat da oso polita da. Ez dakit noiz etorriko den, baina noizbait etorriko da, eta amets hori abizena aldatzea izango da; Amonarriz izatetik Attonarriz izatera pasatzea.

Zein da elkarrizketa batean egin dizuten galderarik arraroena edo barregarriena?

Esate baterako, ea ohitura arraroren bat dudan galdetzea.


Badakigu 2015-eko Anton Abbadia saria irabazi zenuela euskararen alde egin duzun lanarengatik. Mikel Irizarrek azaldu zuen bezala euskarari aportazio bikaina egin baitiozu mezu positibo, umore eta imajinazioaren bitartez programa entretenigarri eta interesgarriak aurkeztuz. Nola sentitu zinen sari hau jasotzean? Konta iezaguzu zure esperientzia.

Tira, hasteko, ez sinistu dena Mikel Irizarri. Saria jasotzerakoan emozionatu egin nintzen eta oso momentu polita izan zen; baina erantzukizun handia sentitu nuen. Beraz, orain arte bezala lan egiten jarraitu behar nuela sentitu nuen. Saritu ninduten izpiritu berarekin jarraitu behar nuela lanean; hau da, gogotsu eta emozioz beterik aurrera begira.  

Lan eta programa ugari egin dituzu euskararen inguruan. Zer da zuretzat euskara?

Euskara bizitzeko modu bat da, euskara bizitzari zukua ateratzeko daukadan tresna da, euskara nire familiakoekin eta adiskideekin harremanetan jartzeko daukadan modua da. Nik uste dut euskara dela euskaldunok munduari egiteko dugun ekarpenik politenetakoa. Izan ere, Euskal Herrian euskara normal bizitzeko moduko hizkuntza izatea eta euskara normaltasunez erabilia izatea lortzen badugu, mundu guztiari eskainiko diogu berdintasunean oinarritutako eredu berri bat. Oso herri gutxik lortu dute guk geuk euskararekin lortu duguna. Iruditzen zait, hori guztia daukagula eskaintzeko. Niretzako euskara herri hau eraikitzeko modu bat da, gizarte hobe baten alde egiteko modu bat, nire ingurukoekin harremanetan jartzeko modu bat, eta maitatzeko, haserretzeko, errieta egiteko edo barre egiteko daukadan tresnarik baliotsuena, edo zuek bezalako jendearekin hitz egiteko eta egoteko daukadan hizkuntza. Iruditzen zait, euskara dela herri honek daukan tresnarik garrantzitsuena.


Zerk bultzatu zintuen euskararen aldeko lanak edo programak egitera?

Oso gauza sinple batek bultzatu ninduen. Gaztetan nire aita euskaldun zaharra zen eta nire ama euskaldun berria zen. Gure etxean euskaraz hitz egiten zen baina nik erdaraz ikasi nuen dena; lagun guztiekin erdaraz hitz egiten nuen. Euskara galtzen ari zela ikusi nuen. Momentu batean, euskal udalekuetara joateko aukera izan nuen eta han ohartu nintzen posible zela euskaraz bizitzea, eta orduan ikusi nuen nik hura nahi nuela nire herriarentzat. Garai hartan, Tolosan, 1976ean, euskara ez zen ia batere hitz egiten eta esan nuen “Honi buelta ematen hasi behar gara”. Orduan lehen ikastolak sortu ziren eta erabaki nuen mugimendu hartan ahal nuen gehiena emango nuela.

Burututako lana hauek guztiak euskararen egoera hobetzeko lagundu dutela uste al duzu? Nabaritu al duzue aurrerapausoren bat?

Bai. Handia. Eta oraindik askoz gehiago egin behar dugu, eta dugu esaten dudanean DUGU esaten dut.

Amaitzeko, kontatuko al zeniguke txisteren bat?

Txiste baten ordez bi pasadizo kontatuko dizkizuet, azkenengo gai hauekin lotura izan dezaketen bi pasadizo.

Lehenengo pasadizoa:
Bilbon, Etxebarria parkean igande goiz batean, haur batzuk jolasten ari ziren eta orduan ume batek esan zion beste ume bati:
-Oye, tu padre es andereño?
-No, por qué?
-Porque es domingo y te esta hablando en euskera.



Bigarren pasadizoa:
Oñatiar batzuk Bartzelonara joan ziren ikastera eta ikasle pisua bi andaluzekin partekatzea egokitu zitzaien. Hitz egiten hasi ziren eta halako batean andaluzak Oñatiko bati galdetu zion:
-Nun bizi zara?
-Oñatin.
-Baina Oñatin nun? Herrian, herritik kanpo, baserri batean edo nun?
Eta oñatiarrak erantzun zuen:
-Pues yo vivo zerca de, zerca de, zerca de…
Eta lagunari galdetu zion:
-Hi, erdaraz nola esaten dek kanpo futbola?

Amaitzeko, mila esker Kikeri elkarrizketa hau posible egiteagatik.

PicsArt_02-01-06.24.12.jpg

No hay comentarios:

Publicar un comentario