miércoles, 6 de abril de 2016

HONA HEMEN DBH 4KO IKASLEEK ALOR EZBERDINETAKO PERTSONA ESANGURATSUEI EGINDAKO HAINBAT ELKARRIZKETA!!!

GUSTATUKO ZAIZKIZUELAKOAN!!!


Lehenengo lana Enara Arruti eta Enara Eizagirrek egindako elkarrizketa duzue. Karlos Argiñano sukaldari ospetsuari egin zioten elkarrizketa.




KARLOS ARGIÑANO

“BURDINA TIPULAGATIK ALDATU NUEN”




Karlos Argiñano Urkiola,  sukaldari, aktore eta enpresaburu Beasaindarra da, 1948ko irailaren 6an jaio zen. Gizon maitekorra da, alaia eta jendearen oso gustukoa. Zarautz udalerrian dagoen Karlos Arguiñano Jatetxearen jabea da, eta Espainiako sukaldari famatuenetako bat da.
Haren esanetan, Espainiako sukaldari guztiak elkartuta baino, liburu gehiago saldu ditu berak bakarrik. Zoriontsu dela dio, ezer ez izatetik pertsona esanguratsu bat izatera ailegatu baita, beti ere, lan handia eginez.

Elkarrizketa egitea onartu zigunez, oparitxo bat egitea erabaki genuen Karlosi, eta asko gustatu zitzaion, esan zigun telebistan duen programan erakutsiko zuela eta ilusio handia egin zigun. Baina bera ere oso adeitsua izan zen eta haren errezeta liburu piletako bat erregalatu zigun bakoitzari, firma eta guzti.

IMG_20160211_225312.jpg.crdownloadIMG-20160202-WA0003.jpgIMG-20160205-WA0021.jpeg
“Atrévete a cocinar”                 Karlos Txiki

Enara: Badakigu Lazkaon ikasi zenuela txikitan eta sarritan entzun dugu ikasle txarra zinela. Ba al duzu bertako oroitzapen berezirik?

Karlos: Bai, oso ikasle txarra izan naiz. Beti zigortuta egoten nintzen eta ikasle garaietako oroitzapen txarrak ditut, 10 arlotatik 6 suspenditzen nituen, desastre bat nintzen eta zeharo despistatzen nintzen. Baina hala ere, nahiko pozik ibiltzen nintzen, oso alaia izan naiz beti eta lagunekin oso ondo pasatzen nuen.

E: 17 urtera arte Beasaingo tren fabrikan aritu zinen lanean, zer dela eta erabaki zenuen honekiko hain ezberdina den sukaldaritza sektoreari hasiera ematea?

K: Nik beti pentsatu izan nuen Beasaindik atera behar nintzela nola edo ahala. Egun batean Zarautzen hosteleritza eskola bat ireki behar zela irakurri nuen egunkarian, momentu horretan dagoeneko lanean ari nintzen Beasaingo tren fabrikan eta ikasketa industrialak ere eginak nituen bertako eskolan. Baina hiru urte pasa ondoren, berri hau irakurri eta Zarautzera etortzea erabaki nuen. Momentu horretatik aurrera hemen egin dut bizitza guztia, 18 urterekin etorri nintzen, 47 urte daramatzat hemen. Nik burdina tipulagatik aldatu nuen eta tipula askoz ere leunagoa da lan egiteko burdina baino.

E: Txikitatik al datorkizu sukalderako afizioa?

K: Bai, nahiko gaztean hasi nintzen, nire ama elbarria baita eta anai zaharrena nintzenez asko laguntzen nion. Hamar hamabi urterekin dagoeneko  tomate saltsa pasatzen, patatak zuritzen, mahaia jartzen.. ibiltzen nintzen eta egia esan oso gustura gainera, kezkarik gabe.

E: Zer izan da sukaldaritza mundu honetan sartu zinetik zure helburua?

K: Gauzak ahalik eta ondoen prestatzea. Asko erabiltzen dudan esaldi bat zera da “cuanto más sabes, más vales”, hau da, zenbat eta gehiago ikasi geroz eta garrantzitsuagoa sentitzen zarela. Eta nire helburua beti izan da gauzak ondo egitea, jendearekin gezurretan ez ibiltzea, gauzak ahal den neurrian hemengo produktuekin prestatzea... Baina batez ere, edozein amona bezala maitasun osoz aritzea.

E: Argi dago telebistan arrakasta ezin hobea izan duzula eta hainbat sari irabazi dituzula bertan, ala nola, “Ondas” saria, 1993ko telebista saiorik onena, 2015ean Urrezko Antena... Baina nola sortu zen zure platerak telebistan aurkezteko aukera?

K: Orain jatetxea den eraikin honetan duela 24-25 urte inguru obra bat egin nuen, zeren hau garai batean ez zen hotela, gu bertan bizi ginen eta etxe zahar bat zen. Behean jatetxea nuen eta goiko pisuan nire etxebizitza, baina momentu bat iritsi zen non nik aurrera egin behar nuen,ondorioz jatetxea handitzea erabaki nuen. Hori gauzatzeko dirua eskatu behar izan nuen momentu horretan ez bainuen askorik, zorrak besterik ez nituen. Obra hori egiten hasi nintzen eta bederatzi hilabetez itxia eduki behar nuen jatetxea. Baina itxi baino egun batzuk lehenago, Juan Manuel Serrat abeslari eta lagun batzuk etorri ziren afaltzera eta berandu arte txisteak kontatuz guztisk eduki nituen barrezka. Orduan berak txisteekin bideo bat egiteko eskatu zidan eta nik ezezkoa esan nion, gustuko nuen txisteak egitea baina benetan nahi nuena sukaldaritza programa bat edukitzea zen. Handik 10 egunera mahai hartan zegoen bat etorri zitzaidan esanez etb-rako programa egiteko aukera nuela, 5 minutu bi errezeta egiteko eta ez dakit nola hor hasi zen guztia, eta oraindik ez naiz gelditu.

E: Dagoeneko 5 urte daramatzazu “Antena 3”-n lanean, nolakoa ari da izaten esperientzia?

K: Oso ona, sekretu bat kontatuko dizuet; aste honetan beste bi urterako kontratua sinatu dut. 70 urterekin oraindik telebistan ikusiko nauzue, guztiak erretiratuta eta ni oraindik lanean, baina gustu handiz. Oso ondo tratatzen naute bertan, ez didatelako esaten zer egin eta zer ez, hau da, oso libre sentitzen naiz, ez didate esaten orain hau esan behar duzu edo hori ez ezazu esan.

E: Lehen eskutik dakigu jendeak oso gustuko zaituela eta Espainiako sukaldari ezagunenetako bat zarela, zer sentitzen duzu hori horrela izanik?

K: Oso pozik, jendeak asko maitatzen nau eta edozein tokitara joanik ere mundu guztiak ematen dizkit besarkadak, eta gauza oso politak esaten dizkidate. “Argiñano oberena zara”, “bazeukaten guztiek zu bezala izatea eta zu bezala prestatzea janaria”... Niretzako hori oso pozgarria da, izan ere, lehenengo aldiz telebistan sartu nintzenean lau edo bost hilabete besterik ez nintzela egongo uste nuen. Eta begira nazazue,  dagoeneko 27 urte daramatzat.

E: Zer eragin izan du zure bizitza pertsonal naiz laboralean telebista munduan ezagun izateak?

K: Oso eragin positiboa izan du, alde batetik jatetxea eta hotela ordaintzeko dirua lortu dudalako.  Arraizopa eta txipiroiak tintan eginda 60 pertsonentzat ez dut uste posible izango zenik jatetxeko zorrak ordaintzea. Bestalde seme guztiei lana eman diet eta ofizioa ikasi dute. Asko daukat eskertzeko telebistari.

E: Zure arreba Evak ere arrakasta handia izan du, zer esango zenuke bere inguruan?

K: Ba Eva anai-arreben artean gazteena da eta ni berarentzat aita bat bezala izan naiz, bizitzera hona etorri nintzenean berak 16 urte zituen eta nirekin ekarri nuen lanera. Hasieran telefonoa hartu eta horrelako lantxoak egiten zituen, ondoren sukaldaritza munduaren inguruan ikasketak egin zituen (batez ere pastelgintzan). Eta profesional bezala oso langile ona dela uste dut. Txukuna, fina eta batez ere oso alaia da.  Gauzak oso azkar eta erraz ikasteko gaitasuna du. Momentu honetan nire sukaldaritza eskolan, Aialan, hari da lanean irakasle moduan eta ematen duenez oso gustura dago.

E: Gaia aldatuz, nola otu zitzaizun Aiala sukaldaritza eskola zabaltzea?

K: Nik ikusten nuen zuek bezalako gazteek ez zutela ikasteko gogorik, erdi tontotuta bizi zirela, eta batzuk horrela geratzen ziren bizi guztirako, tontotuta. Itsasora begira jarri eta olatuak baino urrutirago ez zuten ikusten, ez ezkerrera, ez eskuinera, bazirudien ez zutela etorkizunik. Horren inguruan kezka handia nuen, nik sei seme ditudalako. Beraz, pentsatu nuen; “eta nik eskola bat irekitzen badut zerbait egiteko aukera emanaz ikasle txarrak eta arduragabeak diren haiei?” Urtero25-30 neska-mutil martxan jartzeko ideiarekin ireki nuen eskola. Baina eskola zabaldu nuenean bertako inor ez zen joaten, ez Aiarrak, ez Oriotarrak, ez Getariarrak… Kanpotarrak besterik ez zeuden. Espainia guztitik etortzen ziren, baita Argentina Uruguay eta Japonetik ere. Baina dagoeneko 20 urte pasa dira eta oso harro nago. Guztiak sukaldaritza ondo ikasita eta lanarekin ateratzen dira Aialatik.

E: Zerk erakartzen zaitu Zarautzetik?

K: Oso herri txikia da baina oso polita, izugarrizko kostaldearekin. Zehazki 2km 400m-koa da hondartza eta egunero desberdin azaltzen da. Luxuzko herria da Zarautz, dena laua eta oso garestia, turista asko etortzen dira bertara eta zoragarria da. Nik Hotela eta Jatetxea dudan kale honi Beverly Hills deitzen diot, Arzallus, Garaikoetxea, Klemente, ni eta xelebre guztiak hemendik ibiltzen baikara.

E: Etxetik kanpo hainbeste denbora sukaldatzen igaro ondoren, zure etxean ere sukaldearen arduradun al zara?

K: Noski, nik sukaldean egunero egiten dut, bai eguerdi baita gauean ere. Zeren jatetxean ia ez naiz egoten, orain semeek hartu dute erreleboa. Eta urteak daramatzat etxeko arduradun  izaten sukaldean. Oso erraza egiten zait zortzi edo hamarrentzat janaria prestatzea. Orain bederatzi biloba ditut eta guztia jaten dute, beraz, denen gustuak kontuan hartu beharrak daude, batentzat zopa, bestearentzat purea, besteak makarroiak… Baina oso normal jaten da nire etxean, beste edozein etxeetan bezala. Ez dago beste munduko luxurik.

E: Zein da zure plater gustukoena?

K: Askotan galdetu didate hori, nik arrautzak egunero jaten ditut eta horrela egin dut bizi guztian. Etxean oiloak ditut, beraz nire etxeko arrautzak jaten ditut. Ohetik jaiki orduko, zukua eta arrautzak prestatzen ditut, bai tortillan bai frijituta, eta batzuetan  urdaiazpiko edo hirugihar pixka batekin laguntza moduan. Beste batzuk esaten dute kafea edo kafesnea hartzen dutela baina nik jaiki bezain pronto zartagina jartzen dut sutan.

E: Badakigu kiroletan ere afizioa baduzula, Valentino Rossi ala Marquez? Eta Irujo edo Aimar?

K: Ni Marquezen aldekoa naiz. Mundialean ekipoa dut eta moto2-n bi pilotu ditut, Axel Pons eta Marcel Schrotter alemaniarra. Jon Astolgen pilotu alemaniarra ere eduki genuen eta bi karrera irabazi genituen iaz. Baina moto GP-n  Marquez dut ezaguna,  zuen adina zuenetik. Bere anaia gaztea Alex Marquez ere asko ezagutzen dut txikia zenetik eta baita guraso eta aiton-amonak ere. Maiz hitz egiten dut bere amarekin, Mami deitzen diot. Katalan peto petoak dira eta jende ona. Rossi ere izugarria da baina ondo ezagutu eta asko maite dudana Marquez da.

K: Aimar, ni Aimar zalea naiz. Ama askok esaten dute, beren alabarentzat Aimar gustatzen zaiela baina alabak Irujo aukeratzen duela.

E: Amaitzeko kontatuko al zeniguke txisteren bat?

K: Baziren egun batean bi lagun, bata bestearekin berriketan hari ziren eta batek galdetu zuen:
-Egongo ote da frontoirik zeruan?
-Zeruan frontoia? Ez dakit ba. Tratu bat egingo dugu, lehendabizi hiltzen denak abisatu egingo dio besteari ea badagoen frontoirik. -  horretan geratu ziren Joxe Mari eta Patxi. Patxi hil egin zen.
Halako batean, han azaldu zitzaion Patxi Joxe Mariri:
-Hara Joxe Mari, Zeruan frontoia badagoela!
-Hara, a zer albiste ona!
-Baina arazo bat, iganderako programatuta dago.

Hau izan da guztia, esan beharra dago oso gustura egon ginela Karlosekin eta asko eskertzen diogu besoak zabalduta jaso izana. Eskerrik asko Karlos!

No hay comentarios:

Publicar un comentario