miércoles, 6 de abril de 2016

ELKARRIZKETA (MAFER)


“Niretzako garrantzitsuena nik nire buruari ezarritako erronkak gainditzea da”


Mafer Carazas DBH 4. mailako ikaslea da Antigua-Luberri ikastolan. Duela zortzi urte iritsi zen Euskal Herrira, eta talentu ikaragarria ekarri zuen kirolerako. Peruko Ica herrian jaioa da. Judoa aukeratu zuen kirolean hasteko Usurbilen eta bi urteren buruan lehiatzen hasi zen. Bide luze baten ostean, Espainiako txapelduna izatera iritsi da behin, eta bi aldiz txapeldunorde, orain ordea, uztailean, Europako txapelketan urrezko domina lortu nahi du.




-Mafer, galdeketarekin hasiko gara, kontatuko al zeniguke zergaitik hasi zinen judoan?
Perun sei urtez aritu nintzen karatea praktikatzen, eta Euskal Herrira iristean haurrak judoan ikusi nituen. Hasieran uste nuen karatea ari zirela praktikatzen, eta beraien entrenatzailearekin hitz egitea erabaki nuen.
Beraien entrenamenduetara joaten hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidanez apuntatu egin nintzen judora.”


- Zein mailatan lehiatzen duzu?
Kadete bigarren urtean lehiatzen dut, eta txapelketa internazionaletan aritzen naiz, bai Euskadi mailan eta baita nazio mailan ere.


-Zer sentitu zenuen zure lehen lehiaketan tatamira igotzean?
Hamar urte nituen eta oso urduri nengoen. Oraindik ez nintzen oso ona eta ez nuen esperientziarik. Baina hala ere, lehenengo lehiaketa honetan oso emaitza onak lortu  nituen, uste nituenak baño hobeak. Pixkanaka irabazten joan nintzen eta azkenean maila hontara iristea lortu dut. Orain emozio handia sentitzen dut lehiatzerakoan eta oso gustura nago egindako lanaz.


-Zein koloretako gerrikoa duzu?
Berez gerriko berdea eduki beharko nuke, baina nazio mailako txapelketetan lehiatzen dudanez urdina eta marroia eman dizkidate. Izan ere, txapelketa horietan ez dute gerriko berdearekin jokatzen uzten, bertan lehiatzen dutenen artean ia denek gerriko urdina edo marroia erabiltzen dutelako.


-Badakigu sari asko lortu dituzula azken urteotan judoan, baina zein izan zen zuretzako garrantzitsuena? zergatik? eta zein sari kosta zitzaizun gehien lortzea?


Espainiako txapelketatan irabazi ditudan hiru dominak izan dira garaipen esanguratsuenak. Horietatik lehengo domina urrezkoa da eta beste biak zilarrezkoak. Gainera, bost aldiz jokatu dut Espainiako Kopan. Hondarribian hirugarren postuan geratu nintzen, Asturiasen bigarren, Iruñean bigarren, Alikanten lehenengo eta Burgosen lehenengo. Aurten uztailean dudan Europako txapelketan urrezko domina lortzea da nire hurrengo erronka


-Astean zenbat aldiz entrenatzen duzue? eta zuk horretaz aparte beste entrenamendu mota batzuk egiten al dituzu? (gimnasiora joan…)
Egunean bi orduz entrenatzen naiz, horrez gain entrenatu baino lehen gimnasiora joaten naiz ordu batez korri egitera. Irunen astearte eta ostegunetan bi ordu entrenatzen ditut, eta Usurbilen astelehen, asteazken eta ostiraletan beste bi orduz ere. Batzuetan Hendaiako entrenamenduetan parte hartzeko gonbidapena jasotzen dut gainera.


-Zer nolako ariketak egiten dituzue entrenamendu batean?


Astean behin fisikoa lantzen dugu flexioak,abdominalak… Eta gainontzeko entrenamenduetan teknika lantzen dugu, giltza berriak ikasiz.


-Eta,zer harreman duzu entrenatzailearekin? Ondo moldatzen al zarete?
Nire entrenatzailea nire bigarren aita bezalakoa da. Asko laguntzen dit bai judoan eta bai judo kiroletik kanpo, berari esker iritsi naiz hona, eta irabazitako txapelketak beregatik izan dira. Esan beharra dago orokorrean nahiko zorrotza dela, eta batez ere kadete mailan gaudenontzat. Batzuetan pasa egiten da, baina azkenean beti eskatzen du barkamena. Berarentzat gu ia familia bat bezala gara, eta asko arduratzen da gutaz.


-Sakrifizio handia eskatzen al du judoak? Hau da, lagunekin egoteko eta astirik izaten al duzu?
Batzuetan bai. Bidaiatu behar dudanean asteburuetan lagunekin egoteko denbora kentzen dit. Baina hala ere, judoa nire bizitzaren parte handi bat da eta ez naiz damutzen bertan pasatako denboraz. Ikastolako gauzetan, egia esateko, denbora asko kentzen dit judoak, eta horregatik ondo antolatu behar izaten dut dena ikasi ahal izateko.


- Gogorra egiten al zaizu dieta egin behar izatea pisua ez hartzeko?
10-11 urterekin hasi nintzen dieta egiten, eta jada ohituta nago. Baina hasieran gogorra egin zitzaidan, ikusten nuelako nire ingurukoek zer jaten zuten eta inbidia ematen zidatelako. Baina azkenean konturatu nintzen merezi duela dieta egiteak, horrek ere zerikusia duelako txapelketetako emaitzekin. Hobeto da denbora pixka batean gaizki pasatzea gero emaitza onak lortu eta ez egoteko azkeneko momentuan pisua galdu nahian.


Lagun asko egin al dituzu judoari esker?
Bai, asko esatea gutxi litzateke. Espainiako kopetan adibidez, ia beti pertsona berak igotzen gara Podium-era, eta azkenean elkar ezagutzen dugu. Espainia osoko lagunak ditut txapelketetan ezagututakoak. Konbokatzen gaituztenean ere beti berberak gara bertan gaudenak, eta konfiantza handia dugu elkarren artean.


-Eta noizbait jokatu al duzu zure lagun baten aurka? Zer sentitu zenuen?
Bi bat aldiz lehiatu dut lagun baten aurka, nire klubekoa zen. Gogorra egin zitzaidan bere aurka jokatzea, oso ondo eramaten nintzelako berarekin. Ez genuen judoari buruz genekien guztia praktikan jartzen, ez geniolako elkarri minik eman nahi. Esango nuke buruarekin jokatzen genuela, izan ere, berarentzat lehiaketa garrantzitsua zen Espainiako txapelketan parte hartu ahal izateko.


-Oraingoz ba al duzu urte gehiagotan jarraitzeko asmorik??
Nire asmoa ahal dudan gehiena egotea da, hau da, judoan  gehiago parte hartu ezin dudan arte.
-Bueno Mafer, eskerrik asko gure galdeketari erantzuteagatik, oso gustura egon gara zurekin.

Eskerrik asko zuei. Plazer bat izan da.

Egileak: Ane Diez eta Ane Azkonobieta



JON AZPIAZU


“Niri musika betidanik gustatu izan zait”

Jon Azpiazu, gazte zenetik musika zaleari, elkarrizketa egitea ideia bikaina iruditu zitzaigun, izan ere, urte mordoa darama bere baxua eta ahots eder horrekin kantuan.Guri asko gustatzen zaigu bera kantuan entzutea eta bere kontzertuetan pila bat gozatzen dugu, hori da elkarrizketa berari egin diogunaren arrazoi handienetako bat. Espero dugu Jonen bizitza hemendik aurrera guri bezain beste gustatzea.

  • Noiztik jotzen duzu baxua? Zerk bultzatu zintuen musika munduan sartzera?
Hasieran gitarrarekin hasi nintzen, 17 urterekin ikasten hasi nintzen, gero, bigarren eskuko baxu bat erosteko aukera izan genuen eta 23 urterekin hasi nintzen hau jotzen ikasten. Zergatia? Ba, niri musika betidanik gustatu izan zait eta nire lehengusuarekin batera, oso lagun handiak garela gainera, berak gitarra ikasi zuen eta ondoren niri erakutsi zidan. Txikitatik gitarra bat izan dugu etxean, oraindik ere etxean daukaguna, eta gitarra hori nire osabak, musikari famatua izandakoak hain zuzen ere, Jose Azpiazu, kontserbatorioko gitarra irakasleak, oparitu ziona da nire anaiari. Nire anaiari oparitu zion baina ni txikia nintzela gitarra horrekin jolasean ibiltzen nintzen. Eta bultzatu,  azken finean adinak, musika gustatzeak eta horrelakoek egin ninduten.

  • Lehengo taldearen izena “Saz le bolo” zen, kontatuko al zeniguke nondik datorren izen hori?
Nik nire lehengusuarekin jotzen nuen, bikote bat ginen, gainera, bururatu zitzaigun beste izen bat jartzea “Ixara” hain zuzen ere, baina bikote bat bezala jotzen genuen eta horregatik beste partaide batekin elkartzea erabaki genuen, bateria batekin. Nire lehengusuak gitarra, partaide berriak bateria eta nik bajua jotzen genituen. Izena lehenagotik dator, parranda gau batean nire lehengusina batekin ginela, txano-gorritxoren ipuina kontatu zigun alderantziz. Ez naiz gogoratzen nola zen baina momentu batean “Saz el bolo” esaten zuen eta guri taldearen izentzat jartzeko ideia ona iruditzen zitzaigun, pixka bat aldatuta “Saz le bolo” jarri genuen. Jendeak galdera pila bat egin izan dizkigu, zergatik izen hori, eta abar. Baina besterik gabe, guretzat, ez zen garrantzizko gauza bat izena eta horrelaxe utzi genuen.

  • Taldea sortu zenutenetik zenbatera izan zenuten lehen kontzertua?
Nahiko azkar, taldea sortu aurretik, 1984ko abenduaren erdialdean jaialdi bat egin zen Oñatin eta jaialdi hartan beste talde batekin jo behar izan genuen, bateriarekin hain zuzen. Bateria harekin oso harreman ona izan genuen. Handik hilabete batzuetara, “Bixent” ezagutzeko aukera izan genuen, bateria jolea, eta harekin uste dut 1985 urte erdialdean kontzertu bat izan genuela Oñatin, Udaletxeko plazan oker ez banago.

  • Zer sentitu zenuen lehen aldiz oholtzara igo zinenean?
Beno, kontua da lehenagotik ere jotzen genuela, baina kontzertu horiek herriko jaietan eta horrelakoetan izaten ziren. Urduritasuna nabaria izan ohi zen. Nik uste, 18-19 urterekin jada jotzen genuela eta gogoratzen naiz guretzat garrantzitsua izan zen jaialdi batean Imanol abeslaria eta Ruper Ordorikarekin jo genuen. Ruper Ordorikaren lehenengo diskoaren aurkezpena bezala izan zen. Sentitu? Ba, urduritasuna, hitzak ahaztu eta momenturen batean “tiriri lalala” bukaera bat emanez ez mozteko eta horrelakoak. Baina beno urduritasuna beti sumatzen dugu, baina adinarekin lasaitzen joan naiz.


  • Kantak idazten dituzunean zertan pentsatzen duzu? Zergatik?
Uff! Ba, garai hartan, oso modan zegoen “Rock and Roll Vasco” eta talde gehienek jotzen zuten zentzu bakar batekin. Azken batean politika eta halako kontuen inguruan. Guk ordea, desberdintasun bat bilatuz eta gure izateko erari jarraituz beste gai batzuei buruz kantatzen genuen, adibidez, udaberriari, amodioari eta batzuetan letra batzuk ateratzen genituen ba umorez edo zerikusi gutxi zuten gauza askori buruz, baina batzuetan besteek bezala politikaz ere kantatzen genuen. Izan ere garai hartan politikan garai bizia bizitzen ari ginen. Gutxi gorabehera denetik baina maitasunaren inguruan beti, dudarik gabe.

  • “Szinks” kantua maitasunaren inguruan idatzi zenuen, zeinengan oinarritu zinen?  
Amiga! Ba gustuko nuen Oñatiko neska baten inguruan, haren finuragatik etorri zitzaidan letratxo hori idaztea, beti ere tontotuta zaude, adin horietan.

  • “Saz le bolo” taldean, hasieratik bukaeraraino musikari berak egon al zineten?
Ez, printzipioz hasi ginen bateria jolearekin eta gero elkartu ginen flauta trabesera, saxo sopranoa, eta teklak  jotzen zituen beste batekin. Gero kontua izan zen, momentu batean bateriarekin moztu egin genuela eta soluzio moduan kaxa batekin ibili ginen. Pertsona bat ezagutu genuen Fran Iturbe, oso gitarrista ona eta famatua, talde askorekin ibilitakoa. Hark programazioak egin zizkigun. Eta  bukaera bukaeran Juan Luis gurekin etortzen zen mutil batek furgoneta ekartzen zuen bertan gauzak eramateko, baina halako batean esan zigun berak ere teklatua zertxobait jotzen zuela, beraz aukera eman genion gurekin jotzeko. Beste behin Fran Iturberekin ere jo genuen, gitarra jo zuen.

  • Oñatiko Guria taberna itxi zutenean, zuei eskaini zizuten bertan jotzeko. Kontatuko al zeniguke bertan bizitakoa?
Guria taberna instituzio bat izan zen guretzako, nire lehengusuaren taberna zen, eta taberna hartan ba kultura, mobidak… asko mugitzen ziren asteburuetan. Asteburuak oso esanguratsuak ziren. Telebistarik ez zegoen, musika bakarrik. Ordu pila bat sartu izan ditugu bertan. Txiriboga moduko taberna bat zen, barruan jo genuen eta ohore bat izan zen taldearentzat taberna hau ixtean guk ekitaldian parte hartzea. Urte pila bat atzera bueltatzea bezala izan zen, ezagun guztiak bertan ikustea, oso polita izan zen adibidez, Masaki Muraka, guk egindako lagun bat, Japoniarra, Oñatin bizi izan zena denboraldi batean euskara ikastera etorri zelako, oso marrazkilari ona zen eta gure diskoaren barruko letrak berak diseinatzen zituen. Ondoren Lisboara joan zen bizitzera, eta bertatik Oñatira joan zen gu ikustera, eta niretzako oso pozgarria izan zen. Taldeko betiko partaideak Imanol Huarte eta ni izan gara eta gu biok bakarrik jo genuen, bi gitarrarekin hau da elektrikoa eta akustikoarekin, oso zaila ikusten baikenuen guztiok elkartu eta entsaiatzeko denbora bilatzea. Familiarrak, Usurbileko jendea… joan zen ikustera.

  • Ba al duzu kontakturik taldeko beste partaideekin?
Bakarrarekin, Imanolekin. Baina gertatzen dena da jada Oñatira gutxi joaten naizela, eta oso gutxitan ikusten garela. Besteekin ez dut kontakturik, ez ditut aspaldian ikusi. Pena ematen dit baina bakoitzak bere bizitza egiten du eta ez arrazoi berezi bategatik baina bakoitzak bere bidea hartzen du.

  • Orain berriz ere taldearekin kontzertu bat jotzeko aukera emango balizute, jotzeko prest egongo zinateke?
Bai, noski baietz gustura gainera. Baina entsaiatu egin beharko genuke. Orain beste talde batekin bainabil Usurbilen eta kantak pixka bat ahaztuta ditut. Baina bai, batez ere  Imanolekin jo nahiko nuke berriz. Gainera proposatu izan diot berriz elkartzeko, kanta berriren bat ateratzeko.

  • Zein kontzertuz oroitzen zara gehien taldeaz hitz egitean? Kontatuko al zeniguke bertan bizitakoa, zer sentitu zenuen kontzertuan…?
Denetik, gauza asko etortzen zaizkit burura, guztiak desberdinak. Adibidez bere garaian oso modan zegoen leku batean jo genuen, Bilboko sala batean. Oso polita izan zen. Oroitzen naizen beste bat, Logroñon jo genuenekoa, urrutien izan garen lekua, sala batean jo genuen, talde ezagun dezenterekin batera. Jende gehien elkartu zen kontzertua ere oso berezia izan zen, Arrasaten. Kiroldegian jo genuen 4.000 pertsonen aurrean, Pakito Arriagaren omenez. Bertan Barrikada eta beste talde ezagun batzuekin batera jo genuen.

  • Badakigu “The Hastelens” taldean zaudela, lehengo taldearekin bizitakoak oroitzen al dizkizu?
Oso desberdina da. Baina gauza batzuetan bai, oroitzen naiz. Adibidez orain pare bat kanta atera ditugu, hirugarren bat ateratzeko gaude, batean letra eta musika gureak dira… Horrelako gauzek bai oroitzapen ugari ekartzen dizkidate. Normalean  bertsioak bakarrik jotzen ditugu. Taldean elkartzen gara eta kantak joaz dibertitzen saiatzen gara, urtean hiru lau aldiz jotzeko.

  • Nondik datorkio izen hori taldeari?
Izenik ez genuen eta bueno lotsagarria iruditzen zitzaigun “Zumarteko helduen taldea” deitzea. Eta halako batean nik proposatu nien izena aldatzeko. Eta nola astelehenetan entsaiatzen genuen ba “Mix” bat eginez “The Hastelens” jarri genion. Nik uste dut polita geratu dela baina lehen esan bezala izenarena gutxienekoa da eta oraingoan ere galdera pila bat egin izan dizkigute. Orain kontua da ezin izango dugula egunez aldatu entsaiatzeko, zeren adibidez asteartetara aldatzen badugu izenaren kontua konplikatuagoa izango zen.

  • Zein desberdintasun dago “Saz le bolo” eta “The Hastelens”en artean?
Niretzako, hasteko adinaren kontua oso garrantzitsua da. Garai hartan gure barrutik atera zena izan zen eta besterik gabe guk jo eta gure kantak atera nahi genituen. Orain, ordea, jende desberdina elkartu gara eta beste taldeen kantuak jotzen ditugu bi izan ezik. Alde batetik da bertsio talde bat eta bestetik gure talde bat.

  • Zure seme alabek ere musika munduan jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Ez gustatu bakarrik, kontua da jarraitzen dutela. Jon Mikelek izan ere talde bat du, “zaparra”. Eta asko pozten naiz ikustean zenbat gogorekin jotzen duen. Malenekin emozionatu egin nintzen frontoian jo zuenean, aurretik banekien nolakoa zen baina hor ikustean desberdina izan zen. Eta zer esanik ez, gure txikiena Nahiak, flauta jotzen du, kantatzen du, pianoa ere eta trebetasun handia du. Eta oso konbentzituta nago hirurak, bakoitza beren bidetik, izugarrizko gauzak egiteko gai direla. Oso pozik nago.

Laburbilduz, esan dezakegu Jonen bizitzan eragin handia izan duela musikak, oso garrantzitsua izan dela berarentzat eta mundu horretan murgilduta bizi izan dela gaztetatik. Oso esperientzia polita izan da berari elkarrizketa hau egitea, berari buruz gauza asko ikasi dugulako, eta espero dugu zuei ere gustatu izana. Mila esker.


Eider Makazaga eta Nahia Arbizu
ELENA ARZAKEN ELKARRIZKETA

https://theweekendedition.com.au/mapmagazine/wp-content/uploads/sites/2/2012/07/elena-arzak.jpg



Maddi Alegre eta Erika Moriana


ELENA ARZAK: “Zentzuduna izatea, ezer ez sinestea eta sariekin esker onekoa izatea ezinbestekoa da; eskailerak igotzeko eta jaisteko dira”.
Elena Arzak  Donostian jaio zen 1969ko uztailaren 4an. Sukaldaria da, Juan Mari Arzak sukaldari arrakastatsuaren alaba, hain zuzen ere. Euskalduna izan arren, ez daki euskaraz. Luzernako (Suitza) ostalaritza eskolan ikasketak burutu ondoren, Europako sukalde sonatuenetan aritu zen lanean. Etxetik kanpo sei urtez egon ondoren Euskal Herrira itzuli zen. 2012.urtean, Nesken artean banatu zen sukaldari hoberenaren sari jaso zuen. Chefa izendatu zuten. Gaur egun bere aitarekin lanean dihardu Donostiako Gros auzoan dagoen Arzak jatetxeko ikerkuntza-sukaldean.                
Elkarrizketa hau Elena Arzak-i egitea erabaki genuen Masterchef Junior-eko programan egon ondoren, pertsona ona eta leiala zela iruditu zitzaigulako. Donostiarra dela aprobetxatuz, oso aukera ona iruditu zitzaigun. Berarekin komunikatu ahal izateko aurrera eraman genituen pausoak honako hauek izan ziren: hasteko, Arzak-era deitu eta bere errepresentantearekin hitz egin genuen; handik aurrera e-mailaren bidez jarraitu genuen kontaktua izaten. Handik aste batera, berarekin hitz egitea lortu genuenean eta elkarrizketa egiteko ordua eta eguna zehaztu genituen (urtarrilaren 30an goizeko 11:00-tan).
Elkarrizketa Arzak Jatetxean egin genuen eta han ginela aprobetxatuz, jatetxe osoa, sukaldea, sukaldariak, laborategia, ardoz betetako sotoa… erakutsi zizkigun. Bisitaldi txiki hau amaitzean, elkarrizketari hasiera eman genion. Bukatzean, hamaiketako goxo batera gonbidatu gintuen. Berarekin barre gozoak bota genituen, pentsatzen genuen bezalakoa zen, oso atsegina.

C:\Users\Usuario\AppData\Local\Microsoft\Windows\INetCache\Content.Word\IMG-20160130-WA0029.jpg
1.- Zergatik erabaki zenuen sukaldaria izatea, bokazioz edo familiaren tradizioa jarraitzeagatik?

Bokazioz. Ostalaritzara dedikatzen diren guraso eta seme-alabak lanari oso lotuta daudelako. Txikia nintzela, eskolako autobusa hartzen nuen jatetxeko atean, hemen, familiako kide ugari egoten ziren, aita, amona, ama, izeba…
Udaran, oporrak oso luzeak direnez eta nire ahizpak eta nik nota oso onak ateratzen genituenez, asteko bi egunetan etortzen ginen bi orduz. 16 urterekin oso ondo sukaldatzen nuen eta eskolan etorkizunerako erabakia hartzerako orduan oso argi nuen egin nahi nuena. Zinez bokazioz izan zen, hemen ikusten nuen giroa benetan gustuko nuelako.

2.- Sukaldaritzaren munduan sartu zinenean zure aitak eman al zizun aholkuren bat? Hala bada, zer aholku eman zizun?

Hainbat aholku eman zizkidan. Lehenik eta behin, oso konstantea izan behar dela esan zidan. Bestetik, dakitenei entzuteko eta umila izateko ere esan zidan, kritikak onartzea garrantzitsua dela. Azkenik, sukaldatzen nuen guztia zaporez gustuko izatea esan zidan.

3.- Zein izan zen profesionalki lehen aldiz egin zenuen platera?

Hegaluzezko entsalada bat izan zen eta 20 urte nituela egin nuen. Honek, begetalezko harizpiak zituen eta “ttontttor de bonito” deitu nion. Nire aitari gustatu ez zitzaion gauza bakarra saltsa izan zen, eta hau ozpin-olio batekin ordezkatzeko aholkua eman zidan. Niri aldaketa honek ez zidan axola izan, oraindik ez bainengoen jatetxearen mailan.
4.- Zer sentitzen duzu emakumezkoen artean munduko sukaldaririk onena izatean?

Egia esan oso garrantzitsua izan zen sari hau irabaztea, ez nuen espero. Batez ere nire familiagatik poztu nintzen, beti nire ondoan egon direlako, baina baita lankideengatik ere, niretzako oso garrantzitsuak direlako eta beraiek ere asko poztu ziren. Nire aitaz gain, sukaldari oso onak daude nire inguruan eta hauek sariz beteta daude, baina sari bat irabazten dutenean ez zaiela burura igotzen ohartu nintzen eta egia dela uste dut, gauzak ez zaizkizu burura gehiegi igo behar. Poztasunaz gain estutasuna ere sentitu nuen baina hori eramaten ere lagundu didate.

5.- Zer eragin izan zuen 2014. urtean Euskadiko Gastronomiako saria irabazteak?

Etxean sari bat irabazteak poztasun handia ematen dizu, gertatu ahal zaizun gauzarik hoberena da. Gure kultura, produktuak, sukaldariak… asko defendatzen ditudanez, sari hau bihotzera iritsi zitzaidan eta oso hunkigarria izan zen. Sari banaketak Aquariumean egin zen, oso polita izan zen.

6.- Ondo moldatzen al zara familia eta sukaldaritza mundua aldi berean aurrera eramateko?

Nire familiako laugarren belaunaldia naizenez, nire gurasoengandik aholku asko jaso nituen antolatzeko. Nire kasuan, jatetxetik oso gertu bizi naiz eta orduan ondo bateratzen ditut lana eta familia. Bi haur ditut, Nora eta Mateo, Norak 10 urte ditu eta Mateok 9 eta hauei positibotasuna transmititu behar zaie, pozik ikusten banaute beraiek ere pozik daudela ohartzen naiz. Nire senarra gure seme-alabetaz asko arduratzen da, laguntza ezin hobea dut. Nora jaio zen urtean, Arzakeko langileen artean beste bost ume jaio ziren, orduan bat gehiago zarela ikusten duzu.

7.- Orain arte sukaldari bezala aurrera eramandako ibilbidean zehar oztoporik izan al duzu emakume izateagatik?

Nire karreran emakume izatea ez da oztopo izan. Arzaken langileen %80 emakumeak gara. Ni ingurune horretan hazi nintzen, gai honek ez nau inoiz kezkatu eta ez da ezta zalantzan jarri ere ea emakumea hala gizona naizen. Kezkatu behar naizen gauza bakarra lana egitean da. Egia da atzerrian zazpi urtez egon nintzenean, Suitzan, Frantzian… askotan ni nintzela emakume bakarra 30 pertsonako talde batean, baina ez ninduten inoiz diskriminatu. Niri gustatuko litzaidakena denak nire egoera berdinean egotea izango zen, hau da, emakumeak edo gizonak garen garrantzia ez izatea.

8.- Zer nolako esperientzia izan zen Masterchef Junior zuretzat? Zerbait ikasi zenuen bertako partaideetaz?

Asko gustatu zitzaidan, esperientzia ahaztezina izan zen. Alde batetik, oso ondo antolatuta zegoelako eta bestetik, gazteak pozik eta arreta askorekin ikusten nituelako, oso ondo sukaldatzen zuten. Gainera, gogo handiekin zeudela ohartu nintzen eta beraiengandik ikasi behar dela pentsatzen dut. Nire aitak mundua ume baten begiekin begiratu behar zela esaten zidan. Niretzako esperientzia  atsegina izan zen, umeak pozik ikusten nituelako eta horrek ez du preziorik.

9.- Janari lasterra jateko ohiturarik ba al duzue, zer iritzi duzu janari mota honen inguruan?

Neri mota guztietako janaria dastatzea gustatzen zait, baina gehien gustatzen zaidan janaria nik etxean sukaldatzen dudana da. Zortez sukaldaria naiz eta produktu oso onak erabiltzen ditut. Niretzako sukaldaritza azkarrak ez du zer ikusirik gure sukaldaritzarekin, sukaldatzeko beste era bat baita. Baina, hala ere, ondo eginda baldin badago eta behar diren kontrolak igarotzen baditu, jateari uko ez zaiola egin behar iruditzen zait. Laburbilduta, gehien gustatzen zaidan janaria hemen dagoena da, etxean egindakoa, baina noiz behinka janari lasterra ere dastatzen dut.




10.- Zure seme-alabak sukaldari izatea gustatuko litzaizuke?

Beraiek aukeratzea gustatuko litzaidake, gainera, gaur egun ezin dituzu behartu. Lanbide mota hauek oso sakrifikatuak dira, ordu asko eman behar dira lanean. Lanbide hau benetan gustatzen bazaizu aukeratzen duzu, oso denbora libre gutxi gelditzen baitzaizu zuretzako. Nire gurasoak esaten zidaten: “Elena, ziur zaude?”. Galdera hau kontuan edukita, pentsatu nuen onena selektibitatea ateratzea zela. Ostalaritzako eskolan ez zidaten selektibitatea eskatzen, baina badaezpada ere, gero beste gauza batzuk ikasteko aukera ematen zidan. Nik banekien sukaldaritza gustukoa nuela, baina gurasoei entzun behar zaie, batzuetan arrazoia edukitzen baitute. Noski gustatuko litzaidakela semea edo alaba lanbide honetan lan egitea, baina lehenago esan dudan bezala, beraiek aukeratu behar dute.

11.- Zein da zure janaririk gustukoena?

Nire janaririk gustukoena arrainarekin eta itsasoko produktuekin dago erlazionatuta. Hauek dira nire bi plater gustukoenak: alde batetik, amuarekin harrapatutako txipiroiak parrilan tipula potxatuarekin eta bestetik, legatza saltsa berdean txirlekin.

12.- Zure seme-alabek nola eramaten dute ama famatua edukitzea?

Nik nire seme-alabekin nire aitak nirekin erabili zuen pentsamendu eta filosofia aplikatu dut, berak sari asko jaso ditu eta beti esan dit: “zentzuduna izatea, ezer ez sinestea eta sariekin esker onekoa izatea ezinbestekoa da; eskailerak igotzeko eta jaisteko dira”. Nire seme-alabak asko pozten dira niregatik, baina, badakite sari bakoitzaren atzean lan ugari dagoela. Honekin zorionekoa izan naizela igorri nahi diet, izan ere, jende ugari dago bizitza osoan zehar lanean aritu dena eta sari bat bera ere jaso ez duena.

13.- Oraindik ikasteko zerbait geratzen zaizula iruditzen al zaizu?

Nik egunero ikasten dut zerbait eta oraindik ikasteko asko dudala uste dut, izan ere, sukaldaritza mundua egunetik egunera eboluzionatzen doa eta garaiak oso azkar aldatzen dira. Etengabe egon behar zara eraberritzen, eta sukaldean berdin, beti daude teknika, metodo… berriak. Nire aitak 73 urterekin oraindik ikasten jarraitzen du. Ezin da inoiz ikasteari utzi eta niri egunean egotea gustatzen zait, ikastea zerbait konstantea da.

14.- Zure aitak zutaz zer iritzi duela uste duzu?

Nire aita nitaz oso harro dago. Hasieran, gastronomian jardungo nintzela esan nionean eta inguruko guztiei nire plater batzuk erakusten zizkienean, lotsatu egiten nintzen. Gaur egun, ordea, bi seme-alaben ama naizenez ilusioa egiten dit, izan ere, orain konturatzen zara gurasoengandik orain arte jasotako laguntzaz. Gainera, oso ameslaria, odol beroa eta ausarta den ama bat dut. Nire aita eta ni duela urte asko hasi ginen tandem moduan lanean eta erakutsi didan guztiaz esker hitzak besterik ez ditut berarentzat, berak dakien guztia erakusten saiatu baita beti.

15.- Zein izan da zure azken sorkuntza?

Nire azken bi sorkuntzak, ahatea gitarraren txirbilekin eta txokolatezko trufoia izan dira. Ahatea gitarraren txirbilekin horrela deitzen da, Cuencako gizon batek, Luthiersek, gitarrak egiten dituenez txirbilak bidaltzen dizkigulako. Gizon honen konferentzia bat ikustera joan ginenean, kalitate handiko egurrak erabiltzen dituela ohartu ginen. Gitarrak egur mota askorekin egiten dira, eta txirbilak sobratzen zitzaizkionez, bidaltzeko eskatu genion. Guk txirbila hauek keztatu egiten ditugu eta ahatearekin elkartzen dugu. Guri birziklatzea gustatzen zaigu, gai honen inguruan egin dezakegun guztia egiten saiatzen gara.

16.- Zer gustatuko litzaizuke izatea sukaldari ez bazina?
Sukaldari izatera iritsi izan ez banintz, gastronomiarekin erlazionaturiko zerbait egitea gustatuko litzaidake, esaterako maître (jatetxe eta hoteletan espezializatua den zerbitzaria) eta bestela, ostalaritzarekin erlazionaturiko zerbait.

Hau izan da guztia, oso gustura egon gara berarekin. Esperientzia ahaztezina iruditu zaigu!
Lide Pagola eta Olatz Allur ikasleek Urtz taldeko abeslari eta gitarra joleari egin zien elkarrziketa.

URTZEKO TALDEKIDEEI ELKARRIZKETA
“Lehenengo gauza egin genuena, pankarta batean Urtzi jartzen hastea izan zen, edo ia, ez genuen ondo kalkulatu eta Urtz bakarrik sartu zitzaigun”

Urtz argazkia.jpg
Xabi Camarero eta Asier Arocena izan ziren gure elkarrizketaren protagonistak, Urtz taldearen abeslaria eta gitarra jolea. Asko gustatzen zaigu beraien musika eta horregatik aukeratu genituen pertsona famatu hauek elkarrizketa egiteko. Zorte handia izan genuen, ezagun batek musikari hauekin ikasi baitzuen txikitan eta bere bitartez lortu genuen kontaktuan jartzea. Oso jator erantzun zituzten gure galderak:
  1. Nola hasi zineten musikaren munduan murgiltzen?

Asier: Nik uste dut denak bezala, pentsatzen dut bederatzi hamar urterekin hasi ginela musika ezberdinak jasotzen, pasatzen zizkiguten diskak entzuten, entzule gisa horrela hasi ginen. Nire kasuan etxean gitarra bat zegoen eta horrekin sortu zitzaidan grina. Nire lehendabiziko lekzio teorikoak Xabik eman zizkidan ikastolan eta handik aurrera musika asko entzun eta gustoetan asko koinziditu genuen Xabi eta biok, diskoak pasatzerako garaian. Hamalau urte bete genituenean, larunbat goizetan kitarrak ikustera joaten ginen, probatzeko eskatu eta merkeenak uzten zizkiguten.

Xabi: Nire aldetik ere antzeko, etxean beti aita musikarekin ibili izan da, abesten eta, txikitatik etxean abesten genuen eta hortik datorkit. Gure etxean ere gitarra bat zegoen, eta niri ere atentzioa deitzen zidan zertxobait. Hamabi hamahiru urterekin hasi ginen diskak entzuten, Axierri pasatzen nizkion batzuk eta berak niri beste batzuk pasatzen zizkidan. Nahiko koinziditzen genuen estiloetan eta eskolan amesten egoten ginen.


  1. Urtz baina lehenagoko talderen batean parte hartu al zenuten?

Xabi: Ez, Urtz izan da gure lehenengo taldea.
Asier: Hasieran Xabi eta biok bakarrik hasi ginen amesten, talde baten izena pentsatzen eta eszenatokiak marrazten. Ondoren, taldea osatzeko bateria bat behintzat behar genuela pentsatzen genuen.

  1. Zerk bultzatu zintuzten Urtz taldea sortzera? Nondik sortu zen ideia hori?
Asier: Bien arteko elkarrizketa horietan sortu zen ideia. Eta horri buruz pentsatzen hasi ginen hamasei urte inguru genituenean. Bateria bat behar genuen, Xabik erosita zeukan gitarra elektriko bat dagoeneko eta ondoren nik erosi nuen elektrika bat, izan ere ordura arte klasikoarekin ibiltzen ginen. Gelan aurrean eserita zegoen Josu bateria, eta guk ez genuen beraregan pentsatu bateria bezela, ez zuen bateria jotzen, ez musikarik entzuten; guk ez genekien musika gustatzen zitzaionik ere eta galdetu genion ea bateria joleren bat ezagutzen zuen, eta esan zigun: “ni neu”. Gu pixka bat harrituta gelditu ginen, “esan du baina ikusi beharko da” pentsatzen genuen, baina azkenean bateria bat erosi zuen eta hala hasi zen gurekin.

  1. Zertan oinarritu zineten taldeari Urtz izena jartzeko?

Izan genituen beste izen batzuk aurretik, amestu ere egiten genuen, ametsetan etortzen ziren izen batzuk. Baina behin eskolan, lagun batek arbelean jarri zuen handiz: “urtzi zeruetako jauna” eta Axier eta biok begira gelditu ginen, gustatu egin zitzaigun urtzi izena eta gero jakin genuen euskal mitologiako izena zela. Gero, lokal bat lortu genuenean, zorte handia izan genuen, izan ere, ez da erraza lokal bat lortzea, lehenengo gauza egin genuena pankarta batean urtzi jartzen hastea izan zen, edo ia, ez genuen ondo kalkulatu eta urtz bakarrik sartu zitzaigun eta gustatu egin zitzaigun eta horrela utzi genuen.

  1. Zertan egiten duzue lan taldeaz gain?

Xabi: Ni dekorazio munduan nabil, haurren logelak eta horrelako gauzak prestatzen.
Asier: Nik ingenieritza ikasi nuen eta fabrika batean ari naiz lanean.

  1. Lehenengo maketa, Zelatan, grabatu ondoren, espero al zenuten horrelako arrakasta?

Xabi: Baita zera ere. Hasieran bertsioekin hasi ginen eta denetarik jotzen genuen oso gusto desberdinak baitzeuden taldearen barnean. Baina heldu zen momentu bat, gure abestiak prestatzen hasi ginela eta jada bagenituen sei zazpi abesti eta ez genuen gure burua entzuten inoiz, kasete batean grabatzen genuen baina soinua nahiko kaskarra zen eta pentsatu genuen: “eta zergatik ez dugu maketa bat grabatzen?”. Garai hartan oso ohikoa zen, talde gehienek maketa bat grabatzen zuten estudio batean edo ahal zuten moduan. Gu estudio batera joan ginen grabatzera eta gure sorpresarako entzun genuena gustatu egin zitzaigun, soinu ona agertu zen.
Asier: Estudio batetara joaten zarenean lehenengo aldiz, ez duzu ezagutzen teknikaria eta lehenengo galdera izaten da ea ze motatako soinua pentsatu duzuen edo zein ideia daukazuen. Guk ordea ez genekien, “zuk esaten duzuna” erantzun genion. Orduan guretzako sorpresa bat izan zen, pozik gelditu ginen, ez ginen ohituta oihartzunetara eta horrelako gauzetara.
Xabi: Asteburu batean egon ginen maketa hori grabatzen eta oso pozik atera ginen. Orduan bazegoen ohitura bat maketak tabernetan uzteko eta gero jendeak erosi egiten zituen gustuko bazituen. Horregatik erabaki genuen kopia batzuk ateratzea eta Axier eta biok asteburuetan herri ezberdinetako tabernetan kopiak uzten joaten ginen. Gure sorpresarako jendea eskatzen hasi zen maketa, guk hamar maketa uzten genituen adibidez Ordizian eta gero tabernakoak deitzen zuen esanez saldu egin zirela.
Asier: Buelta bat egiten genuen, uzten genituen maketa batzuk eta bigarren bueltan pentsatzen genuen: “zerbait saldu ote da?” eta iristen ginenean gehiago ekartzeko esaten ziguten, jendea eskatzen ari omen zen eta gu harrituta. Azkenean maketa hori gogoratzen dut 1000-2000 inguru kopia saldu zirela, distribuzioa guk biok eginda, baina gu jolas moduan hasi ginen .
Xabi: Lehen asko ematen zen, tabernetan kaseteak egoten ziren taldearen izena zeraman karteltxo batekin.

  1. Nahiz eta orain dela 20 urteko kanta izan, edozeinek ezagutzen du Kaixo! abestia. Zergatik izan da zuen ustez kantarik arrakastatsuena? Zuen kantarik hoberena dela uste al duzue?
Xabi: Ez, hoberena ez. Zergatik izan den arrakastatsuena misterio bat da. Gogoratzen dut abesti hori kaleratu genuenean jendeak esaten zigula: “zer atera duzue?”. Gainera bigarren diskoko lehenengo abestia zen eta jende askorentzat zerbait arraroa izan zen, baina nolabait jende askoren bizitzan sartu zen. Bakoitzak baditugu gure gustuak eta gure abesti kuttunak eta egia da Urtz taldean oso abesti desberdinak egon izan direla beti eta hau horietako bat da. Baina ez genuen pentsatzen inolaz ere eduki duen arrakasta izango zuenik.

  1. Zer dela eta aldatu ziren taldekideak 1998-2003. urte bitartean? Zergatik bildu zineten 2013. urtean hasierako kideak eta ez jarraitu aldaketa horiekin?

Asier: Hasieratik laurok batera ginen, Xabi, Victor, Josu eta ni, eta laugarren diskoa egin ostean, udara horretan, taldea eta lana tartekatzen hasi ginen, eta hau geroz eta zailagoa bihurtu zen guretzat. Taldekideok lan ezberdinak genituen eta hauek konbinatzeko hainbat gatazka edukitzen genituen. Victorrek laneko ordutegiagatik utzi behar izan zuen taldea eta nik Bartzelonara lanera joan behar nuelako. Gure ordez Ritxi eta Javi egin ziren taldearen partaide.

Xabi: Lehenengo Ritxi sartu zen eta gero Javi ezagutu genuen Ritxiren bitartez eta egia esan zorte handia izan genuen taldea aurrera eramatea lortu baikenuen. Etapa zaila izan zen, izan ere urte askotan batera egon ginen laurak eta bat-batean jende berriarekin astea ez da erreza, baina oso ondo egokitu ziren taldera. Beraiekin lau urte egon ginen eta azkeneko kontzertua jo ostean ez genuen berriro itzultzeko asmorik, baina hamar urteren buruan, entsegu baterako biltzeko aukera izan genuen aspaldi-aspaldiko partez. Oso esperientzia polita izan zen berriro elkartzea eta abestiak jotzea, horrela piztu egin zitzaigun berriro ere grina.

Axier: Victorri otu zitzaion taldeari berriro ere hasiera ematea. Aintzinan bizitako esperientziak biziberritzeko grina sortu zitzaigun, eta hori egiten hasi ginen, gaur arte.

  1. 2001. urtean Aingeru diskoa kaleratu zenuten, bertan argi ikus dezakegu musika estilo aldaketa bat, rocketik popera. Zer dela eta aldaketa hau?
Xabi: Eboluzioa. Pertsona bakoitzak baditu bere etapak, batzuk mugituagoak dira eta beste batzuk lasaiagoak. Urte horietan, konposatze genuen beharra aurreko urtetakoena baino lasaiagoa izan zen. Urtzen egin ditugun gauzak beti momentukoak izan dira, barruan genituen sentipenak askatzeko. Ez genuen gauza konkretu bat bilatu, horrela atera zen.
Asier: Beti grabatu izan dugu ateratzen zena. Ez genuen mugarik jartzen eta zortez disketxeak ere ez. Guk erabakitzen genuen zer nolako musika egin nahi genuen.
  1. Disko honek jarraitzaileen artean arrakasta eduki arren, zergatik erabaki zenuten taldea uztea?
Xabi: Etapa ezberdinengatik. Lehenago Victor eta Axierrek lanagatik utzi behar izan zuten bezala, Javik Bartzelonara joan behar izan zuen lanera, eta honek beste aldaketa bat suposatzen zuen. Gainera bat egin zuen, garai hartan nik familia eduki nuela. Beste erritmo batzuetan bizitzen hasi ginen. Taldearen etaparen amaiera zela sentitu genuen, era natural batean. Beranduago beharrezkoa izan zela konturatu ginen, pixka bat gelditzea behar genuela.
  1. Nola sentitu zineten Bilborock aretoko azken kontzertu hartan?
Xabi: Oso gaizki. Egia esan nahasketa bat izan zen. Azkeneko kontzertua zela pentsatzea gogorra zen ez zenekielako horrelako  esperientziak bueltatuko ziren edo ez ziren bueltatuko. Ni aurreko egunean ahotsik gabe gelditu nintzen nahaspila horren ondorioz, nik uste. Azkenean kontzertua aurrera joan zen baina tentsio handia zegoen. Oso eskertuta geunden han azaldu zen jende guztiari kontzertua bihotzez  bizi zuelako eta abestiak kantatzen. Oroitzapena nahaspila bat da, alde batetik polita, baina gogorra era berean.
  1. Nola sentitu zineten berriro ere oholtza gainera igo zinetenean 2013. urteko Durangoko Azokan, Plateruenea Antzokian?
Asier: Nire kasuan, lehenengo kontzertuan jo genuenean baina tentsio gehiagoko kontzertua izan zen. Denbora asko egon ginen kontzertu batean jo gabe eta gainera Plateruenea bete egin zen. Oso urduri gogoratzen dut kontzertu hura, ohitura falta eta konfiantza falta puntu hori genituen baina zortez oso kontzertu polita atera zen.
Xabi: Gainera ez genekien zer espero, ez genekien ea jendea hurbilduko zen, ez genekien ea jendeak abestiak  oroituko zituen… izan ere hamar urtetan asko aldatzen dira gauzak eta bat batean kontzertua hasi eta abesti zaharrak jendea kantatzen ikustea oso polita izan zen.
Asier: Gainera beste galdera bat genuen, ea ze jende etorriko zen: bere garaian jarraitzen gintuztenak, jende berria… sorpresa ona izan zen guretzako gure jendeaz gain jende gaztea ere agertu zelako. Gainera kanta batzuk jende gaztea baina zaharragoa dira eta harritu egin gintuen.

  1. Esperotako emaitza lortu al duzue Astiro diskarekin?
Xabi: azkenean guretzako elkartzeko aukera bat izan zen eta bakoitzak genituen abestiak kaleratzeko, hori bakarrik guretzako oso aukera polita izan da. Ez genuen gehiegi espero entzulegoaren aldetik Durangoko kontzertu horretan espero ez genuen bezala. Gaur egun oso zaila dago musika zabaltzea eta guk azken finean jarraitzaile kopuru bat izan genuen garai batean eta aukera izan dugu entzulego horri gure musika eskaintzeko. Gehiegi espero ez genuenez esperientzia ona izan da.
Asier: Konturatu ginen, soinu aldetik, bakoitza bere etxean bakarka baino hobea zela soinua taldean jotzen genuenean. Gainera urte horretan kontzertu pila bat jo genituen, hurrengo urtean pixka bat gutxiago jo genituen baina erantzuna ona izan zen. Bere garaian Bizkaia zen Urtz entzuten zuen probintzia nagusia eta buelta honetan ere hala izan da. Gipuzkoa, Bizkaian eta Iparraldean jo ditugu kontzertuak baina gehienbat Bizkaia eta Iparraldean.
  1. Zein izan da gehien markatu zaituzten abestia?
Xabi: Nire kasuan, baditut momentu ezberdinetarako abestiak. Bat, esaterako, Kaixo! izan da. Kantu honek jendearengan eduki duen eraginak oraindik ere harritu egiten nau, horregatik dut gustuko, jendeak honekin gozatu duelako. Baina bestela ezin dut esan kantu bat, desberdin asko baititut.
Asier: Zaila esatea. Adibidez, niri gustatu izan zaizkidan abestiak ez dira, gero, jendeari gehien gustatu izan zaizkionak. Bostgarren diska entzun nuenean, entzule gisa, Boulervardeko erlojua abestiak jo zidan gehien. Orduan ohartu nintzen kanpotik eta barrutik zein ezberdin sentiarazten zaituzten abestiek. Nik ere nabaritu nion Aingeru diskari pop kutsu bat. Oraindik ere gustukoena dut abesti hura.
  1. Zein proiektu berri dituzue buruan? Disko berriren bat kaleratzeko asmorik ba al duzue?
Xabi: Egia esan, konposatzeko garai batean gaudela iruditzen zaigu. Orain dena pixka bat moteldu da eta uste dut, beharra dugula dena apur bat lasaiago hartzeko eta bide berriak bilatzeko. Nik, etapa berri honetan, kantu berriak konposatzeko gogoa badut baina horretarako ispirazioak etorri behar du, ez da denbora laburreko gauza.
Asier: Aurreko diskoan gertatu zenaren kontrakoa nahi dugu. Aurreko diskoan, izan ere, elkarrekin berriro jotzen hasi eta hilabetera disketxea agertu zen Durangorako grabatu behar genuela esanez. Oso intentsua izan zen, sei hilabetetan diskoa berri oso bat grabatu behar genuelako. Hala ere, oso gustora ibili ginen.
  1. Zein aholku emango zenieke musikari gazteei?
Xabi: Azkenean, barnean sentitzen dituzun sentsazioak, melodiak eta letrak azaleratu behar direla. Zuk sinesten baduzu eta sortutakoak zu unkitzen bazaitu edo zer edo zer esaten badizu, sentipen horiei kaso egin behar zaiela, besteek esaten dutena kontuan izan gabe. Mugarik gabe pentsatu behar da, zuk pentsatzen duzuna da garrantzitsuena. Gustura egiten diren gauzak azkenean merezi dute.
Asier: Etapa desberdin asko bizitzen dira musika talde batean. Guk momentu oso onak bizi izan ditugu urte hauetan zehar; gazteak gineneko larunbat arratsalde haiek ez ditut inoiz ahaztuko. Garrantzitsuena, lagunartean musikaz gozatzea dela uste dut.

Hau izan da gure elkarrizketa espero asko gustatu izana eta Urtz taldeari buruz zer edo zer ikasi izana.